Joan den urteko apirilean Palacio de Arozteguia S.L. enpresak Lekarozen, Aroztegian egin asmo duen luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza barnebiltzen dituen proiektuaren lanak hasi zituen. Hasi orduko, proiektuaren aurkako hamarnaka ekintzaile Aroztegiko lurretara hurbildu ziren eta behin eta berriz lanean ari ziren hondeamakinak geldiarazi zituzten. Hainbat egun iraun zituen kanpaldi bat ere antolatu zuten eta hamarnaka aktibistek hartu zuten parte, desobedientziaren bidez, proiektuak aitzinera egitea ekidinez, harik eta hondeamakinak eta langileak lana utzita joan ziren arte.

Duela egun batzuk, ustez Aroztegiko proiektua gelditzeagatik, 6 herritar epailearen aitzinean deklaratzera deitu zituzten, eta ortzegun honetan joan behar izan zuten sei herritarreko Iruñera, Nafarroako Auzitegira deklaratzera.

Epaitegira sartu aitzinetik, Herri baten borondatea ezin da epaitu leloa idatzia zuen pankartaren gibelean hamarnaka lagun bildu ziren auzipetuei babesa eta elkartasuna agertzera.

Auzipetuek, beren aldetik, aldarrikatu zuten epaitu nahi dena ez dela auzipetutako 6 lagunek egin dutena edo egin ez dutena, baizik eta "herri oso batek eraso bortitz baten aitzinean bere burua defenditzea eta bere erabakiaren jabe egitea". Horren aitzinean mezu bat helarazi nahi izan zuten "mendez mende gure lurrak bereganatzera, gure hizkuntza eta kultura desagertzera etorri diren kolonizatzaile, inkisidore eta diktadoreek lortu ez dutena ez dute lortuko Nafarroako Gobernuan dauden sasi demokratek edo mafiosoen pare jokatzen duten dirudunek". Epaitegiaren erabakia edozein dela ere argi utzi nahi izan zuten, "herri honek duintasunarekin segituko du zutik eta bizirik gu 6ak erori edo ez, guri lau sos kendu edo ez".