Nafarroa Berriz Altxa dinamika herritarrak Amaiurko guduaren 500. Urteurrenaren harira ekimen bat antolatuko du heldu den ekainaren 5earako.

Nafarroa Berriz Altxa ekimenetik gogora ekarri nahi izan dute Espainia-Gaztelak Nafarroa indarrez hartu eta espainiar estatuari bereganatu nahi izan ziola. Hala ere, Nafarroa askotan altxatu omen da bere kultura eta bizimoduaren alde. Gertakari historiko honen urtemugak balio behar omen du, Nafarroarako eta Euskal Herri osorako askatasunaren eta subiranotasunaren beharra aldarrikatzeko. "Duela 500 urte gure arbasoek Noainen gure independentzia berreskuratzeko azken saiakera egin ondoren, Amaiurren gotortu ziren, gure herria, lurrak, ondarea, hizkuntza, kultura eta bizitzeko modua indar okupatzaileen eskuetan betirako utzi baino lehen, gazteluan bere altxor handiena, bizitza, entregatuz".

Dinamikaren hitzetan "XXI. mendeko errebeldeak gara, eta duela 500 urte borrokatu zutenei egin diezaiekegun omenaldirik onena beraien lekukoa hartu, eta prozesu soberanista bat eraikitzea da".

Independentzia berreskuratu eta herrian libre bizi eta erabaki nahi dutela aldarrikatzen dute. Euskal errepublikara iristeko bidean, "burujabetza bide bakarra izateaz gain, gure bizi baldintzak hobetzeko tresna da. Zaintza, zerbitzu publikoak, eskubide sozialak eta askatasun indibidual eta kolektiboen defentsan, burujabetza ezinbertzeko lanabesa da". Inoiz baino beharrezkoagoa omen da nafar subiranistek kaleak hartzea, hortaz, aldarrikapen a agenda politikoaren erdigunean jartzeko deia egin dute.

Honen harira, otsailaren 15ean bilkura bat deitu dute Elizondon, Arizkunenean 19.00etan. Antolaketa lanean parte hartu nahi duten guztiak gonbidatu dituzte.