Dena prest dago Zugarramurdin eta Baztanen ortzegun honetatik igandera bitartean BostEHun eta zutik! lelopean Ernai gazte erakundeak antolaturiko gazte martxarako. Azken egunetan hamarnaka gazte buru belarri aritu dira azpiegitura guztiak prestatzen eta gune desberdinak antolatzen.

Mila gazte baino gehiago ortzegun honetan, 9.30ean abiatuko dira Zugarramurditik, oinez. Amaiurrera joanen dira lehenbizi, eta 16.30ean gazteluan, ekitaldia eginen dute. BostEHun eta zutik! lelopean antolatu du Ernaik hiru egunetarako egitaraua, eta ez da kasualitatea Baztanen kokatu izana, izan ere, Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez, zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria badela aldarrikatu nahi dute gazte martxan.

Amaiurko ekitaldiaren ondotik berriz abiatuko da martxa, Erratzura. Baztangoizako herrian pasako dute lehenbiziko gaua, baina lo egin aitzinetik, kontzertuak izanen dira, 20.00etan hasita. Silitia, Sua, Streetwise eta Nikotina taldeekin.

Ortziralean, Erratzutik Elizondorako bidea osatuko dute gazteek, eta bazkaldu aitzinetik ailegatuko dira Elizondora. Indarrak berreskuratu ondotik, arratsaldean tailerrak eta solasaldiak izanen dira gune desberdinetan banatuak, Laxoa plazan, errate baterako otorduetarako karpa jarri dute, eta hor egonen da Akeita gunea ere. Bertan, baita Arizkunenea kultur etxean eta Elizondoko Lanbide Eskolan ere tailer eta solasaldiak izanen dira arratsalde osoan zehar. Larunbat goizean tailer eta solasaldi gehiago izanen dituzte. Arratsalde eta gauez aisialdirako tartea hartuko dute, musika jaialdiekin.

Akeita gunean ortzirale eta larunbatean Erroka eta Madame Birrotsen emanaldiak izanen dira, hurrenez hurren, eta Elizondoko Eskola publikoan jarritako bi karpatan musika talde aunitzen kontzertuekin gozatzeko aukera izanen da.

Ortziralean 20.00etan ekinen diete kontzertuei. Gune Handiko oholtzan, Willis Drummond, Kaleko Urdangak, Skabidean, Crim, Herdoil eta Dupla ariko dira; Ezker pareta deituriko karpa ttipiagoan berriz, Rukula, La Furia, Xsakara, Aiaraldeko SS eta Yare Collective.

Larunbateko kontzertuak 16.00etan hasiko dira. Gune handian Liher, Iheskide, Perlata, Ibil Bedi, McOnak, Tremenda Jauria, Skakeitan eta Tribadek joko dute, tartean, 20.30ean ekitaldi politikoa izanen da; Ezker paretan Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Xiberoots eta DJ Reimy.