Porrotx pailazoak bisita bikoitza egin zuen asteazken arratsaldean Baztanera. Batetik, zonaldeko haur eskolek Nafarroako 0- 3 plataformak deitutako greba mugagabearekin bat egin dutela eta bere atxikimendua adierazi nahi izan zien haur eskoletako langileei. Bertzetik, Lekarozen, Aroztegiko proiektuaren kontrako erresistentziaren lehenbiziko urteurrenaren harira antolatutako ekitaldian parte hartu zuen. Haurrekin irri eta jolas aritu zen, ipuin bat kontatuz. Ondotik, haur bakoitzak eramandako harria margotu zuen, ametsak irudikatuz, eta iaz Porrotxek, Txapasekin batera Lekarozera egindako bisitan landatutako gereziondoaren inguruan haurrek margotutako harriak jarri zituzten. Arratsalde ederra pasa zuten denek.