Aitzinera segitzen dute Salbatore bestek Irurita eta Urdazubin. Asteazkenean hasi zituzten batean zein bertzean, eta ortzegun honetan, berriz, zaindariaren eguna ospatu zuten.

Iruritan goizean goiz argi soinuekin ekin zioten egitarauari. Goiz erdian, batzuk elizara jo zuten, zaindariaren aldeko mezan parte hartzera. Hau bukatuta, denak plazara joan ziren herriko dantzarien dantza saioaz gozatzera. Herri dantzaria da Irurita, urtez urte, belaunaldiz belaunaldi transmititutako dantzarekiko zaletasunak bizi-bizirik jarraitzen du Iruritan, eta herriko bestetan eskaintzen duten emanaldiaz gain, ikuskizun desberdin eta anitzak erakusten dituzte maiz, azken urte hauetan ere nabarmendu denez. Ortzegun honetan ere ez zen gutxiagorako izan. Adin desberdinetako hamarnaka dantzarik kolorez jantzi zuten herriko plaza, inguruan jendetzaren adi-adi zutela. Ohiko dantzak erakutsi zituzten, ohiko dotoreziaz.

Gozamena ez zen dantzetara mugatu, gero, luntx herrikoia izan zen eta ahosabaia eta sabela goxatzeko modua izan zuten bertaratutakoek. Ohikoa den bezala, etxe aunitzetan Salbatore eguneko familia bazkariak egin zituzten, eta arratsaldean Aranabia pilotalekuan elkartu ziren aunitz. Pilota jaialdi berezia antolatu dute aurten herriko gazteek, eta aunitz izan ziren pilotarekiko zaletasun handia duen herrian frontoirako bidea hartu zutenak, izan ere bazen non josta. Oinatz Bengoetxea ikusteko azken aukeretako bat izan baitzen atzo Iruritan. Leitzar pilotariarekin batera, Azanza, Arretxe eta Pascual pilotariak lehia ederrean aritu ziren. Bertzalde, erremonteak ere izan zuen lekua, Iturregi, Urtasun, Uterga eta Sagasetarekin.

Besta plaza itzuli zen gero, Bankako Menditarrak taldeak bere ohiko euskal kantuen doinuekin bazterrak alaitu zituelarik, eta ilunabarrean, mutildantzak dantzatu zituzten plazan.

Arratsean, berriz, herriko Bizpahiru pelau taldearen eskutik izan zen goizaldera arteko dantza saioa.

Ortzirale honetan haur, gazte eta jubilatuen eguna izanen da, larunbatean herriarena eta igandean, berriz, azken eguna. Oraindik bada ongi pasatzeko aukera franko Iruritan.

Urdazubin ere Salbatore zaindariaren aldeko meza izan zuten goizean, eta gero plazan Baztango Dantzarien saioa izan zen. Aperitiboa ere eman zuten Xaretako herrian eguerdi partean. Familia bazkarien ondotik, berriz, haurrendako jokoa izan ziren frontoi inguruan, Arratsalde apalean, arratserako paella jaterako prestaketa lanak hasi ziren plazan.

Jendetza bildu zen gero plazan jarritako karpan afaltzera. Giro ederrean iragan zen afari oparoa, eta arratsean Trikidantz taldearekin izan zen erromeria, irri, kantu eta dantzaz zipriztindutako gau ederra.