LESAKA. Euskaraz solas egin… eta irakurri… eta idatzi… bizi izenburupean Lesakan Euskaraz Bai Eguna antolatu du Lesakako Euskara Batzordeak, udalaren laguntzarekin azaroaren 15ean. Joan den astean trikitilarien laguntzaz ba-tzordekideek paratu zituzten kartelen arabear, ekitaldiak goizeko 10.00etan hasiko dira eta karrikabuelta eginen da txistulariekin. Ordu berean, Alondigan ilar prestatze lehiaketa eginen da. Irabazlea erabakitzeaz gain, ondoko herri bazkarirako jakia prestatuko denez, garrantzitsa da partehartzea. 12.00etan, Beheko Plaza eta Zarandiako etxeei izena paratuko zaie, trikitilarien laguntzarekin. Lehendik, Plaza Zaharreko eta Albistur karrikako izenak ere paratuak ditu Euskara Batzordeak eta ekitaldiz ekitaldi, herriko etxe guziei izena paratzea da asmoa. Honela, karrikako zenbakia ez ezik etxe horiek bere izena ere badutela ikasiko dute, belaunaldi gazteenek batez ere. 14.00etan herri bazkaria eginen da honako menu honekin: ilar gorria, saiheskia (edo xolomoa haurrentzat), gazta eta irasagar-gozokia, edariak, kafea eta kopa. Bazkarirako txartelaren prezioa azaroaren 12a arte, 12 eurokoa izanen da helduentzat eta 8 eurokoa haurrentzat. Egunean berean, 15 eurokoa izanen da helduentzat eta 10 eurokoa haurrentzat. Kattu, Arrano, Koskila eta Atxaspi ostatuetan eta Izarra okindegia izanen dira txartelak salgai. Bazkalondoan, euskal kantu zaharrak izanen dira herriko lau musikari gaztek osa-tzen duten Eutsi taldearekin.