bortziriak. Bertso eskolaren taldekako hamabigarren txapelketa jokatuko da ortziralean eta larunbatean. Denera, maila ezberdineko 24 bertsolari lehiatuko dira, hirukotetan banatuak. Bortzirietatik sei taldek parte hartuko dute. Beratarrak taldean Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Aitor Elexpuru ariko dira; Txope Taberna taldean Kristiñe eta Maddi Ane Txoperena eta Garaxi Taberna; Klasikoak taldean Juan Mari Lopez, Manolo Arozena eta Joxe Juan Zubieta Etxabe; Zapelpunk-en Xabier eta Jon Silveira eta Ioar Tainta; EstrataEstrit-en Egoitz Telletxea, Xabier Terreros eta Iñigo Olaetxea eta Ortzilko Santuk taldean Josu Sanjurjo, Iban Garro eta Aitor Arotzena. Hauekin batera, Malerrekan abenduaren 3an jokatutako txapelketan txapeldun suertatu ziren Egoitz eta Iker Gorosterrazu eta Alazne Untxalo eta ortziralean bertan Erratzun jokatuko den Baztango txapelketako txapeldunak arituko dira.
Ortziralean bi saio jokatuko dira Berako Espidobaita elkartean eginen den afariaren ondotik: batetik, Beratarrak Malerrekako txapeldunen aurka ariko dira; bigarrenean Ortzilko Santuk eta Estrata Estrit. Larunbatean, Lesakako Arranon eginen den bazkalondoan, Klasikoak eta Zapelpunk lehiatuko dira eta gero, Zialdo ostatuan Baztango txapeldunak eta Txope Taberna lehiatuko dira. Finalerdiak larunbat arratsaldean jokatuko dira Lesakako Haizegoan eta Atxaspin. Hasteko, Espidobaitako lehen kanporaketako garailea eta Arranoko irabazlea lehiatuko dira; eta Atxaspin, Espidobaitako bigarren saioko garailea eta Zialdoko irabazlea. Arratsean, Lesakako Linddurrenborda sagardotegian eginen den afariaren ondotik, jokatuko da final handia.