BORTZIRIAK. Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko Itun Mankomunitatearen barne, Haur Txokoa antolatu du Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak laugarren urtez Arantza, Etxalar eta Igantzin. Eguberrietako oporretan, haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat izanen dute, solidaritatean eta berdintasunean oinarritua, joan den ortziralean Berako Belandetan emandako prentsaurrean, Jokin Apezetxea teknikariak eta Marisol Taberna Berako zinegotziak adierazi zutenez. Bidenabar, gurasoei aukera bat emanen zaie seme-alaben heziketa lanarekin edota denbora librearekin bateratzeko. Azken finean, haurrei denbora libre jostagarria ematea eta gurasoei mesede egitea da Haur Txokoaren helburua.

Haur Txokoa abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra eginen da, 10.00etatik 13.00etara. Denera bederatzi saio izanen dira, herri bakoitzean lau besta egun hartuko baitituzte: abenduaren 24, 25 eta urtarrilaren 1 eta 6a Arantzan eta Igantzin eta abenduaren 25 eta 31 eta urtarrilaren 1 eta 6a Etxalarren. Arantzan eta Etxalarren eskolan eginen da Haur Txokoa eta Igantzin ziberrean, aitzineko urteetan bezala, Dindaia Fundazioko begiraleen eskutik. Izen ematea abenduaren 21a baino lehen egin behar da, 948 635036ra (09:00-12:30) edo ssb@lesaka.net helbidera idatzita eta 10 euroko prezio sinbolikoa ordainduta. Herri bakoitzean gehienez hamabortz haur apuntatzen ahalko dira eta guttienez hamar.