lesaka. Eguberri bezperako olen-tzeroren etorrerak haurren ilusioa piztu eta besta eta ospakizun giroa sortzeaz gain, konpetiziorako tarte bat ere uzten du, Lesakan bederen. Izan ere, olentzero eta jaiotzen lehiaketa eginen da gaur eguerdiko 12.00etatik aitzinera.
Olentzero lehiaketan hiru taldetan banatzen dira partehartzaileak: 10 urte arteko haurrak; 11 urtetik 15urterainoko haurrak eta 16 urtetik goitikoak. Kategoria guzietan izaten dira partehartzaile guziendako sariak, baina helduen kategoriako irabazleak 300 euro eskuratuko ditu eta Olentzero hoberenari ere Esparza saria ematen zaio, baita ilunabarrean musika bandaren laguntzarekin kalejiran ibiltzeko eskubidea ere. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta Olen-tzeroa bizkar gainean dutela bi abesti kantatu beharko dituzte: bata, nahitanahiez, Olentzero buru haundia eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Epaimahaiak olentzeroa, janzkera eta abestia puntuatuko du. Jaiotza lehiaketan, 10 urte arteko eta 11 urtetik goitikoen kategorietan banatuko dira partehartzaileak. Udalak emandako sariez eta Esparza sariaz gain, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak, hobekien abesten duen olentzero eta jaiotza taldeari sari berezia emanen dio.
Ibilbide berria Beran Berako Gure Txokoak antolatzen duen Olentzeroak ibilbide berria izanen du. Iamoteneatik ateriko da 18.00etan eta San Jose Zahar Etxera hurbilduko da lehenik, eta gero Legiatik Jesusen Bihotzaren eskola parera, ondotik Herriko Etxeko plazara, Bidasoa karrika, Agerra, Eztegara, Kanttonberri, Julio Caro Baroja karrika, Altzate karrika eta Itzean bukatuko da.