bera - Gure bizipoza, guztiona dokumentalaren eta dokuwebaren aurkezpen ekitaldia eginen dute ortziralean 18.00etan Berako Kultur Etxean. Guztiok eta Bizipoza elkarteek antolatu dute ekitaldia, Berako Udalaren babesarekin.

Bizipoza zer den azaltzen duen emanaldia izanen da eta egitasmoa osatzen duten bi talderen dokumental ttikiak (Bortzirietako Guztiok eta Biak Bat) eskainiko dituzte, baita Bizipozarena ere. Lesakako Estitxu Fernandez bertsolari eta telebista aurkezleak eta Anabel Arraiza aktore, kazetari eta musikariak aurkeztuko dute jaialdia eta gonbidatu bereziak izanen dira Berako zenbait musikari, dantza talde eta bertsolari, beraien elkartasun keinua eginez eta babesa emanez egitasmoari: Gure Txokoa dantza taldea, Julen Zelaieta, Joseba Irazoki eta Petti.

Bizipoza egitasmoa Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da Bizipoza. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du helburu. Eta aldi berean, elkarte hauek transmititzen dituzten baloreak jaso, hauekin aberastu eta hezi, eta hauek gizarteratuz herri inklusiboago bat eraikitzen saiatu.

Bizipozak bizipoza du misio: hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzea, euskaraz eta sorkuntzatik. Elkarte guzti hauek transmititzen dituzten baloreak gizarteratzea da poztasunaren misioa.

Bizipozak auzolana du bisio: deneriko herritar, talde eta erakundeek osaturiko bolondres sarea osatzea gizartegintzaren poza bizitzeko.

Momentu honetan Euskal Herrian aritzen diren 35 elkartek osatzen dute Bizipoza (www.bizipoza.eus), 22 bazkide eta 15 babesleren laguntzarekin eta 120 boluntario ari dira lanean. Bizipoza Elkarteko bazkideek urtean kuota bat ordaintzen dute oinarrizko beharrei erantzuteko, eta haien esku egongo da, gainerakoak entzunda, elkartearen egiturak antolatu eta osatzea, eta urteko egitasmoa eta diru kontuak onartzea. Babesleek, berriz, bakoitzaren neurriko ekarpen ekonomikoa egiten diote proiektu osoari edo Bizipozarekin batera proiektu zehatz bat elkarlanean aurrera eramaten duten eragileak.

Hainbat ekimen burutzen dituzte urtean zehar baina azkeneko bi urte hauetan proiektu berri bat garatu dute: Dokuweb bat, non edukiak elkarteen inguruko mikro-dokumental txikiak diren, haur eta familia hauen istorio errealak. Eta honekin batera Bizipoza zer den azaltzen duen dokumentala ere.

Euskal Herri osoan zehar zabalpen lanak egiten dabiltza, elkartasuna, auzolana eta bizipoza bezalako baloreak gizartean euskaraz zabaltzeko. Lehenengo aurkezpenak hiriburuetan egin dituzte eta orain, eskualdeka eginen dituzte ahalik eta hedapen handiena hartu ahal izateko. Horietako bat izanen da Beran eginen dutena or-tzirale arratsaldean. - A.A.A.