Bortzirietako Euskara Mankomunitateak abian du gogoeta prozesua, hogeita hamar urteko ibilbidearen ondotik eskualdeko euskalgintzaren antolamendua berrikusteko eta berrantolatzeko asmoarekin. Prozesu horrek hiru saio izanen ditu.

Lehen saioa martxoaren 26an burutu zuten. Berako Beralandetan elkartu ziren gaur egungo Bortzirietako euskara batzordeetako kideak, mankomunitatearen Batzar Orokorra egiteko. Batzar horretan ondorioztatu zuten hiru hamarkadotan herriz herri izan diren euskara batzordeen ibilbidea agortutzat eman dutela, eta etorkizunean Bortzirietako euskalgintzak bertze modu batean antolatuko beharko duela. Etorkizuneko mugimendu horren oinarri batzuk ere finkatu zituzten. Batetik, mugimendu sozial dinamiko eta parte-hartzailea izan behar duela. Parte-hartzeari dagokionez, adin tarte guzietako herritarrak aipatu zituzten, baina batik bat belaunaldi berrien aktibazioa azpimarratu zuten.

Euskararen aldeko mugimendu sozial berri hau eskualde mailakoa izatearen garrantzia ere agerian gelditu zen: herriz herri lan egin behar bada ere, Bortzirietako eskualdea izan behar du erreferentzia.

Azkenik, mugimendu sozial autonomoa izatea ere oinarrizkotzat jo zuten, nahiz eta aldi berean instituzioekin (udalekin nahiz mankomunitatearekin) elkarlanean aritu behar duen.

Jardunaldi honen helburua izanen da bertze herri eta eskualdeetako euskalgintza eta bertzelako herri mugimenduen gogoeta prozesuak eta antolakuntza moduak ezagutzea. Horretarako goiz osoko saioa (09.30-13.30) izanen da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean.

Lehenik eta behin, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorrerari eta ibilbideari errepasoa eginen diote bertako teknikariek.

Ondotik, Kike Amonarriz soziolinguistika eta Topaguneko lehendakariak Euskara bidegurutzean hitzaldia eskainiko du.

Segidan, hiru esperientzia ezagutzeko parada izanen dute. Lehenik, Aintzane Lasa Arrasateko Udaleko euskara teknikariak azalduko du herri horretan burutu duten prozesua, euskalgintza sozialaren eta instituzionalaren (udalaren) arteko elkarlana bidera-tzeko. Ondotik, Irantzu Jauregi Hernaniko Udaleko berdintasun eta kulturartekotasun teknikariak Hernaniko Plaza Feminista nola gauzatu duten azalduko du. Azkenik, Mikel Artolaren txanda izanen da, Tolosaldeko esperientziaren berri emateko; hain zuzen ere Galtzaundi euskara taldea Tolosatik eskualde osora nola zabaldu duten azalduko du, eta Tolosaldeko Euskararen Mahaian euskalgintza soziala eta instituzionala nola batzen diren ere bai.

Goizari akabaila emateko parte-hartzaileek talde dinamika batean parte hartuko dituzte, Elhuyar Aholkularitzak gidatuta, aditutako esperientzietatik Bortzirietara zer ekar daitekeen lantzeko.

Maiatzaren 29an. Prozesu honen hirugarren saioaren helburua izanen da Bortzirietako euskaren aldeko mugimendu sozialaren antolamenduaz gogoeta egitea eta balizko egitura berria abian jartzeko talde eragilea sortzea. Horretarako goiz osoko saioan taldekako dinamikak eginen dira, Elhuyar Aholkularitzak gidatuta.

Deia. Bortz herrietako partaideak bertaratzea garrantzitsua da, sektore aunitzetakoak eta adin ezberdinetakoak, eta dei berezia egiten zaie gazteei. Asteartea baino lehen eman izena: (948 63 41 25 / euskara@bortziriak.eus).