- Urte hasieran aurkeztu zuten Malerrekako eta Bertizaranako elikadura diagnosia, eta gaur Bortzirietakoa eginen dute Berako Kultur Etxeko erakusgelan, 18:30ean. Lansaio berean bi eskualdeetan tokiko elikadura estrategiak definitzen hasteko ekintza planaz mintzatuko dira.

Tokiko ekonomia sustatzeko helburuarekin, lurraldeko elikadura estrategia lantzeko prozesua abiatu dute Malerrekan eta Bertizaranan eta Bortzirietan. Zehazki elikadura sistemak dituen indarguneak, aukerak eta arriskuak identifikatu eta tokiko ekonomia indartu nahi dute.

Bide horretan, elikadura sistemaren diagnosia egin dute. Malerrekakoa eta Bertizaranakoa urte hasieran aurkeztu zuten, eta gaur Bortzirietakoa aurkeztuko dute, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak, bortz udalekin eta Cederna Garalurrekin elkarlanean egin duena. Martxotik azarora hainbat aditu, etxalde eta kontsumo proiektu elkarrizketatuz osatu dute, eta emaitzak Beran eginen duten jardunaldian aurkeztuko dituzte.

Bortzirietako azterketa aurkezteaz gain, bi eskualdeetan tokiko elikadura estrategiak definitzen hasiko dira gaur. Horren bueltan, bi lansaio egitekoak dituzte eta bigarrena azaroaren 26an eginen dute Donezteben.

Bortzirietako udalek eskatuta Itsasne Mendiberrik, Aintzira Oñederrak eta Marc Badalek egin dute ikerketa, Bortzirietako elikadura sistemak dituen indarguneak, aukerak eta arriskuak identifikatzeko eta honela, bailarako lehen sektorea egonkortu eta sustatzeko proposamenak aztertzeko. Etorkizun hurbilean Ekonomia Zirkularrari eta Tokiko Produktuen Kontsumoaren Sustapenari buruzko proiektu bati egiteko aukera baloratzen ari direla ere jakinarazi dute.

Diagnosia martxoan hasita egin dute eta tartean Bortzirietako hainbat aditu, ekoizle eta kontsumo proiektu aztertu dituzte eta tokiko elikagaiak kontsumitzeko prestutasuna dagoela sumatu dute. Horren adibide, Bidazi elkartea eta hainbat eskoletako jantoki aipatu dituzte. Ekoizpenari dagokionez, ordea, nahiz eta baserriak egon, profesionalki lehen sektorean ari direnak gutti direla ondorioztatu dute, eta guttiago oraindik baratzezaintzan edota frutagintzan aritzen direnak. Horren gibelean, Bortzirietako industria jarduera handia aipatu dute, zaildu egiten baitu eskualdeko gazteek nekazaritza lan aukera desiragarritzat hartzea.

Elkarlanean. Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak, bortz udalek eta Cederna Garalurrek egin dute.

Horrela dio ikerketa egin duenetako batek.