- Bi urtez gibelatu ondotik, martxoaren 5ean ospatuko dute Euskal Herriko Txistu Eguna. Txistua aitzaki, egun osorako egitaraua antolatu du Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, eta dozenaka txistulari elkartuko dira Beran. Euskal Herriko Txistulari Elkartearen urteko Batzar Orokorra ere bertan eginen dute.

Martxoko lehen larunbatean, 09:15ean goiz deia eginen dute Altzateko plazatik abiatuta. Ondotik, 10:00etan Euskal Herriko Txistu Elkartearen batzarra eginen dute. Handik Josu Goia zenaren etxera joanen dira, eta Ai, hori begi ederra abestia interpretatuko dute 12:30ean bere etxeko atarian. 13:00etan kontzertua eskainiko dute Herriko Etxeko plazan Gure Txokoa dantza taldeko kideeekin batera. Ondotik, 14:30ean bazkaria izanen dute.

Gaurkoa ez da txistulariek Beran eskainiko duten emanaldi bakarra izanen. Datorren asteazkenean 17:00etan, Donostiako Udal Txistulari Bandak, Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean, emanaldia eskainiko du Kultur Etxean, Isidoro Fagoaga Musika Eskolako txistularien, eta Gure Txokoa Dantza Taldeko dantzarien laguntzarekin. Berako Kultur Batzordeak, Berako Udalak, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatu dute emanaldia. Bertzeak bertze, Martxa heraldikoak, Le basque eta biscayenne, Bosgarren tonuko sonata, Arizkun (sagar dantza eta mutil dantza), Idiarena, Enarak, Zirkus, Musika kutxa, II Rapsodia Berako makil dantza eta Hiru damatxo piezak joko eta dantzatuko dituzte musikari eta dantzariek.