rtziral goiz-goiza, hotza. Hala ere, bazen bezerorik Gazteluko plazako zenbait terrazatan, arropa berogarrietan bildurik, ipar haizeari aurre egiteko. Itxialdirik gabe, nekez ikusiko genuen gisako irudirik. Terrazetan esertzeko jende emariak joan den astelehen arratsaldean jo zuen goia. Hobeki erran, gainezka egin zuen. Hura nahas-mahasa. Dena foruzainen begien pare-parean. Edukieraren erdia? Kia! Mahaien artean segurtasun tarterik ez, aulkiak elkarren ondo-ondoan. Sekulako lehia tokia harrapatzeko. Riau-riauan ere ez zen izaten tamainako anabasarik. Bezero aunitz ere, inguruko taberna bateko mahai txiki hanka luzeen arrimuan. Edozein astelehen buruzuritan baino gehiago. Gehienak adinez oso-oso aurrera, zaharrak ez errateagatik. Udaltzain alerik ez. Beharbada, Gaztelugibelen, Arantzadin eta Arga bazterrean ibiliko ziren erdi kukuturik, nerabe eta gazte koadrila edaleen ehizan, botila-festak galarazi nahian. Forukiak ere, ziur aski, hiriburu inguruko errepideetan, txirrindulari arriskutsuak geldiarazten, udalerriko mugak gainditu behar ez direla oroitarazteko eta kirola egitea denboraz mugatua dagoela gogoratzeko. Terrazak, ordea, ohiko ordutegian daude zabalik. Hau da, goizeko ordu biak arte. Nolanahi ere, asteleheneko irudiak ikusirik, astearte goizean bai, azkenean udaltzainak agertu, eta hantxe ibili ziren tabernaz taberna jabeekin solasean. Harrezkeroztik, terrazako mahaiak bertzela antolaturik daude. Bizkitartean, gai bat dabil jira-biraka Alde Zaharreko bizilagun aunitzen gogoan. Arinaldia hasi den honetan, hausnarketa plazan dago. Aferak hamaika ertz ditu, arras arrantzatsua baita. Nola ekarri gure karriketara, itxialdian -goizeko ordu txikietan- izan den isiltasun lasaigarri, sendagarri eta bizigarria. Izan ere, auzokide frankok aitortu dute sakon lo egin dutela, aspaldi-aspaldiko partez.