akin dugu zer-nolako kaltea eragin duen gaitz berriak hiriburuko udal diruetan. Zenbat diru gastatu behar izan den eta zenbat diru gelditu den diru-kutxan sartu gabe. Eta nola berdindu behar izan duten koska hori. Orain, gainera, udalek beren diru irabazia gastatzeko aukera izanen dute, Madrilgo gobernuak arau-gastu mugatzailea kendu duelako. Oposizioko taldeek bultzaturiko batzordean eman dira datuak, alkatea ez baita berez azalpen eman zalea. Bitartean, udal aginte taldeak, isilean, sega atera du, segalari ona baita sail batzuetako sosak mozteko. Euskararen belar sailetan, konparaziora, gogoz aritu izan da segan. Datu hori ez da batzordean atera. Kontua da, nafar gobernuak ez bezala, udalak murriztu egin duela euskarazko kultur ekitaldiak diruz laguntzeko partida, noiz eta pandemiak eragindako itxialdian kultura erruz kontsumitu den urtean, noiz eta jende aunitzentzat kultura bihotz altxagarria izan den urtean. Hiriko elkarte frankok bere txikian lan handia egiten dute euskarazko kultura sustatzeko, sortzaile berriak plazaratzeko, sortzaile hasiberriei laguntzeko, hiriburuko kultur gune eta ekimen handietan oraingoz lekurik ez duen jendearen sormenari aterpe goxoa eskaintzeko, harreman berriak ehuntzeko eta kultur eragileak saretzeko. Orain ere, gogoz ari dira ataka gaizto honen gainetik beren ekitaldiak eskaintzen, osasun arloko neurri guztiak hartuta, jakina. Egoerara egokitzea bertze biderik ez baitago aitzina egiteko. Dena den, hiriko diruei dagokienez, ezin aitzinera egin, duela bi urteko aurrekontuak baitaude indarrean. Denbora joanago, argiago dago mundutik desagertua den Aranzadi udal talde haren zentzugabekeria. Orain, dena den, giro ona dago oro har oposizioko taldeen artean, bertzelako proiektu bat lantzeko, heldu den urteko aurrekontuak onesteko eta segalariei bidea mozteko.