iriaren kroniketan idatzirik geldituko da azaroaren 13 batez sartu zirela autoak lehen aldiz Diputazioko lorategi barneraino, gobernuburu espainiarrari ongietorria emateko. Hori bai, laino itsuaren eraginez, uste baino ordubete geroago. Izan ere, negubidean, haizerik ezean, ohikoa da gurean gisako eguraldia, Larrekok aspaldian izkiriatu bezala: "bospasei egunez laño zikin baten pean egonik€.". Lehendakariak, nonbait, Diputazioko pinuaren berri eman zion iritsi berriari. 35 metro baino luzeagoa, eta are garaiagoa izanen zena, 33ko irailean tximistak jo izan ez balu. Larreko, lekuko: "Iruñean, larunbateko arratsa, beldurgarri zen. Diputazioneko lilitegiko lerrondo (pinua) eder ederra, iñazturak gailurretik ondoraino erditik egin zuen. Diputazionea lerrondo hura gabe ezin ezagutu dugulakoz, etzituen ehun urte; baina etxe handi hartan bizi diren guztiak baina zaharrago bai." Sekuoiak, 1933an, ez zituen ehun urte, 80 ere ez. Orain, ordea, 165 inguru. Bitartean, ostalarien eta eskuin muturreko gutxi batzuen oihuek erakarrita, bizpahiru etxegabe agertu ziren, ezohiko mugimenduari begira, Sarasateko izkinatik. Inguru hori izan dute bizitoki uda partean, eguraldi onak iraun arte. Dozena bat baino gehiago izan dira, emakume eta gizon, hainbat jarlekutan banaturik, Foru Anderearen begiradapean. Fardel guztiak, gainean. Oihal eta lo-zakuak, ondoan. Hantxe gosaldu, bazkaldu, afaldu eta lo egin dute, izarrak sabai, jarlekuak koltxoi. Hantxe, egunero, bezeroz mukuru beteriko terraza berrien pare-parean, kontraste ederrean. Irudiaren osagarri, gainera, hilean behin, presoen aldeko giza lerroa, batzuen eta bertzeen artean. Urriko lehen euriekin batera ere hantxe zirauten, egunez eta gauez, euritakoak zabalik. Etxeratze-aginduak, ordea, gehienak haizatu ditu. Gauez, jakina, den-denak.