lurraren zuriak birus gaiztoa akabatuko balu, salbu geundeke, baina abenduko egun hotzak ez omen dira aproposenak gaitz berria mendean hartzeko, bero sapa baizik. Hain zuzen ere, iraileko bero zakarrarekin abiatu zen 2020-21 ikasturtea, eta nekeak neke, aurrez aurre dirau, tele-irakaskun-tzan aritu behar izan gabe. Hori ikasle eta irakasleen lanari zor zaio. Kontua da Iruñeko euskara zerbitzuak abiarazitako ekimen bati esker, hiriburuko institutuetan ibiltzeko aukera izan dudala Iruñeko hiru euskal gazte sortzailerekin batera, haien lana DBHko 1. mailako neskato-mutikoei erakusteko, Iruñean sorkuntza euskaraz ere landu daitekeela nabarmentze aldera. Bada, arrunt esperientzia interesgarria izan da adin horretako ikasleen manerak, janzkerak, hizkerak, ikuskerak eta portaerak sumatzeko, bai eta irakasle saiatuen lana are gehiago aintzat hartzeko ere. Zoritzarrez edo zorionez, udaberriko olatuak ez bezala, udazkenekoak ez du txaloaldirik ekarri, baina inork merezi izatekotan, irakasle jendeak ere mereziko luke. Izan ere, nire inozotasunean, pentsatzen nuen Hezkuntza Departamentuak behar bezalako baldintzaz hornituak zituela ikastetxeak ataka gaiztoari aurre egiten laguntzeko eta gela edo leku gehiago moldatuak zirela eskolak emateko. Bai to! Ikasgelak mukuru daude, lehertu hurran, eta ikasleak arras istikaturik. Zenbaitetan, gainera, irakasleek doi-doi dute lekua ikasleen eta paretaren artean, eta izkinetan dauden ikasleek nekez dakusate arbel digitala. Horri gehitzen bazaio Mendillorriko institutuan hizkuntza-ereduak nahasirik daudela, D ereduko irakasleek badute zinez merezimendu, eta ikasleek ere bai. Artetik errateko, hiriko institutuetan ari diren ikasle aunitz Iruñerriko herri ttipietakoak dira, Iruñerrian ez baita gaur egun gazte euskaldunik ez duen herririk. Bada zerbait.