zken urteotan gauzak aldatzen hasi badira ere, hiriak emakumeez ahaztu dira, gizartean izaniko jarrera nagusiaren erakusgarri. Iruñean ere antzera gertatu da. Kale izenetan, konparaziora, izugarria izan da hutsunea, bai eta kultur eta gisa orotako guneen izenetan ere. Zer erranik ez emakumeek mendez mende egin izan dituzten lanbideetan. Adibidez, ez da oraindik inolako seinalerik, panelik, aipamenik emakumeek hemen eta toki guztietan egin behar izan duten garbiketa-lanari buruz. Gurean, iparraldeko harresiaren azpialdeko ibai tartean aritu izan dira arropa garbitzen, garbigailuak zabaldu arte. Hau da, Arrotxapeko zubiaren ondoan, Argaren eskuinaldeko ertzean, hain zuzen. Emakume ilara luze-luzea, denak belauniko, arropa eskuz garbitzen, igurtzi eta igurtzi, hala negu gorrian, nola uda minean. Hotza, hezur-muinetaraino sarturik, neguan. Eguzki-galgatan, uda partean. Arropa, gero, esekitokietan zabaldu eta, behin lehortutakoan, saskian sartu, buru gainean "burute" izeneko zapi bat paratu, eta saskia burute horren gainean eramaten zuten San Domingo aldapan goiti, maindireak, oihalak eta dena delakoa etxez etxe banatzeko. Hain zuzen ere, duela ehun urte inguru hasi zen udala Arga bazterrean zuhaitzak landatzen, arropa-garbitzaileei itzala emateko, udako bero zakarra arintze aldera. Ordura arte, ez zen zuhaitzik batere ibai bazterrean, inork Iruñeari eraso eginez gero, inolako abantailarik ez emateko. Horra egungo ibai-parke ederraren hasiera. Nekez aurkituko dugu, ordea, gisako azalpenik hantxe bertan. Aspaldian errana da izena duen guztia, badela edo ba omen dela. Baina era berean badakigu badela eta izan dela izenik edo aipamenik gabeko izanik. Zokoraturik egondako hori guztia aipatzea edo agerraraztea da kontua. Ikusgaitasuna ematea, egungo hizkera erabiltzearren.