z dakit orain Iruñerrian inork txerririk hiltzen ote duen. Ofizialki debekatua baitago. Artzainek ere bildotsa hiltzea debekatua duten bezala. Hiltegira eraman behar. Europako legeria, diote agintariek. Baina, mugaz bertzaldera joan eta, han, ez da inolako arazorik nork bere baserrian edo bordan txerria eta bildotsa hiltzeko. Eta han ere ez da inolako trabarik gaztagile txikiek gazta betiko bordetan saltzeko. Alde honetan, ordea, dena galarazia dago. Dena da traba. Gero, herri txikietako eta landa eremuko bizimoldea sustatu beharraz min-tzatzen dira. Hitz barren hutsak. Urteak joan dira, baina hiriburuan berean bi zerri gizen ibilarazten zituzten karrikaz karrika azaro inguruan, arras segizio bitxian. Hura eskolako kantinen aldeko ekimen sonatua zen, txerri zozketa ospetsua, eta sari nagusiak, hain zuzen ere, txerriak ziren. Txartelak 2 pezetatan saltzen zituzten eta zozketaren arrazoia argi eta garbi ageri zen idatzirik txartelean bertan: 2.000 haur pobrek bazkaltzen dute eskolako kantinetan. Lagundu eskolako kantinei. Eskasi handiko garaia, jakina. Aspaldiko kontua da, baina aipaturiko txartel hori ez da gerra bukatu eta berehalakoa, 1963koa baizik. 100.000 biztanle inguruko hiri hartan, 2.000 haur pobre izatea ez da kontu hutsala. Bada, joan den ortzegunean, Caldereriako kapera txikia egon zen zabalik, San Martin egunean ohi denez. Gainontzeko egunetan itxita baitago. San Martini eskainia dago, Nafarroako eliza gehienak bezala, eta Erdi Aroan eraiki zuten. Ondo-ondoan, "cuarticos de San Martín" direlakoak daude, hiriko kofradiarik zaharrenak gobernatuak. Hots, 18 apartamentu txiki dira, orain berrituak, dirurik ez duten 65 urtetik gorako emakumeentzat. Emakumeentzat bakarrik. Halaxe izan da Erdi Arotik honat. Beti egon dira beterik eta, gaur egun ere, ez da maizterrik falta.