ehenbiziko Korrika ere elurpean iritsi zen Hiri Buruzagira, duela 42 urte. Baina hura abendu hasieran izan zen. Lekukoa Frantziako Portalean goiti barneratu zitzaigun Alde Zaharrean, zenbait zinegotzik eramanik; tartean, bazen sozialistarik. Orain, kia!, nekez ikusiko dugu horrelakorik. Orain, Euskara Zerbitzua bera ere kolokan dago Udalean. Zerbitzua ezabatzeko erabakia hartu ez badute ere, sosik gabe uzten ari dira, labankada erraietaraino sarturik. Bada, zuhaitz aunitz hostoberriturik zeudela iritsi zen atzoko elurra. Lehenbiziko zuhaitza, ohi denez, duela bi aste baino gehixeago hostatu zen. Basotxoan dagoen huraxe, alegia. Apirileko elurra, dena den, ez zaio hiriari arrotz, ezta -jakina- Erronkaribarri ere, negu goxo eta idorren ondotik etorri baita behin baino gehiagotan. "Tenpra digu anitxko gaxto, eztigu negu guzian ekusi, kainbat elur nola orai dagona" idatzi zion Mendigatxak Azkueri orain dela 118 urteko apirilean eta, bertze behin ere, udaberrian: "Tenpra digu negu minian bikain otz, dago elurrari ezin obroz". Guztiarekin ere, gutxitan atzoko goiza baino egun koloretsuagorik, Iruñerriko bazterrak "mihise xuri batez estalirik" baitzeuden, Manezaundik aspaldian idatzi bezala. Izan ere, laboreak ederki hazita daude apiril hasmenta honetan. Begi-bistakoa baita urtetik urtera gero eta lehenago hazten direla; tartean, zainzuria, gero eta iparralderago landatzen baita, Iruñea inguruan ere bai. Bada, eguraldi goxoaren eraginez, laboreak ederki handitu dira azken zortzi egun honetan, hainbertzeraino, non elur mardulak ere ez baitzituen alorrak erabat estali. Ondorioz, elurraren zuriaren artean, hantxe ageri zen garagarraren berde argia, gariaren berde iluna, koltza-loreen horia eta, tarteka, zeru sabaiaren urdina, begien gozamenerako, Korrika koloretsuak bidez bide aitzina egiten zuen bitartean.