Saudi Arabiako aire konpainia batek emakumezko zerbitzari bat kanporatu du, hegaldietan bidaiariei sexu zerbitzuak eskaintzeagatik. Hegazkineko komun txiki horietako batean harrapatu zuten neskatoa, lanorduetan beste lan batean ari zela, alegia. Hegaldi luzeak nahiago izaten omen zituen, aukera gehiago eskainiko zizkioten eta. Zerbitzu bakoitzeko 1.950 euro kobratzen bide zituen, eta urte bakar batean 900.000 euro inguru irabazi dituela kalkulatu dute. Lehen mailako txartelak ez dira merkeak, tiket arruntak baino hamar aldiz garestiagoak izaten dira. Uste izatekoa da, beraz, han fortunatzen zitzaizkion bezero askok ez zutela hain handia dirudien kopuru hori ordaintzeko arazorik. Aire konpainiaren izenik ez dute jakinarazi, baina bai Saudi Arabiakoa dela. Ez ditu, beraz, nolanahiko arriskuak hartu zerbitzari prestuak.

Erlijio agintari saudiarabiarrak neskatxa herrialdetik kanporatzeko erabakia aztertzen ari omen dira. Hori litzateke, halere, imajina litekeen zigorrik arinena, beste hainbat “delitu” egiteagatik ezartzen dituztenak kontuan izanik. Bortxaturiko emakume bati 200 zigorrada eta sei hilabeteko gartzelaldia ezarri zioten, bortxatzaileak probokatu omen zituela eta. Kasua komunikabideetara helarazi izanak larritu zuen zigorra. Ez dut pentsatu ere egin nahi emakumeak autoa gidatu eta unibertsitatera joateagatik zigortzen dituen herrialde horretan zer nolakoak jasan beharko lituzkeen prostituzioan aritu den neskatikoak, are gehiago mundu zabaleko hedabideetan herrialde tatxagabe hori lotsagarri utzirik.

Aldi berean, beste erlijio bateko agintari gorenak, Frantzisko aita santuak, epaiketa kanoniko bat abiarazi du Opus Dei erakundearen Bizkaiko ikastetxe batean gertaturiko ustezko sexu abusu batzuengatik. Duela zortzi urte jazo ziren orain 20 dituen gaztearen gurasoek salaturiko ustezko gehiegikeriak. Ikerketa judizialak ez zuen salatutako abusuak frogatzeko zantzurik aurkitu, baina aita santuak gurasoen gutuna kontuan hartu eta auzi kanonikoa agindu du. Ez dakit judizialki frogatu ez zenik nola egiaztatu ahal izango duten, prozedurak zalantzak eragiten dizkit. Edonola ere, gidari espiritual askok, karguak zemaien nagusikeriaz baliatuz, egundoko basakeriak egin dituzte menderik mende, eta bazen gai hori adarretik lotuko zuen norbait heltzeko garaia.