Beti erran izan digute Kontuen Ganberaren ondoan dagoela Iruñeko tokirik garaiena, garai bateko Bar Bilbaoren parean. Horregatik dagoela burdinazko xafla bat lurrean iltzatua. Baina ez omen da horrela; hau da, Gazteluko plaza bera goraxeago dago xafla hori baino. Gainera, hiriko Plaza Nagusitik abiatzen den Bigarren Zabalgunea gorantz doa, eta mapetako altuera-koten arabera, egungo Askatasun plaza hamar bat metro garaiago dago Gaztelukoa baino.

Egia erran, Karlos III.aren etorbidearen hasieratik beretik larderiatsu eta harro bezain itsusi ikusten da Erorien monumentua, eta hizpide da zer egin, eta zer ez, eraikina bota edo mantendu, baina bertzelako edukia emanda. Mamia aldatuta ere, nekez kenduko zaio azalari hasieratik dakarren itxura hits eta iluna, azalak mamiak adinako esanahia baitu, azala bera baita mami.

Gainera, azalez eta mamiz eraitsita, Elomendi ingurua ikusiko omen genuke Gazteluko plazatik beretik, edo halaxe dio baten batek; horra hor eztabaidagai handi bat, eta apustuak ere egin dira. Cafe Iruñako eraikinaren goialdetik bai, jakina. Eta zer ez den ikusten talaia horretatik, sekulako teilatu-mosaikoa. Iparralderantz, han ageri da Ospearen estatua Udaletxe gainean tente, turuta jotzen; harrituxea, baten batek bezperan lau haizeetara krisia iragarri eta biharamunean gezurtatu duelako. Tira, nonbait, ez du ikasi etxeko suak etxeko hautsekin estali behar direla.

Hegoalderantz, berriz, harako mamu-eraikin hura ageri da, garai batean Goroabegaña erran zitzaion inguruan, Goroabe izeneko alderdiaren gainean dagoelako. Hiriaren hegoaldeko tokirik garaiena da lurrak maldan behera jaisten hasi baino lehen. Horregatik da Goroabegaña, eta Taxoarera zihoan errege-bidearen ondoan zegoen. Ea ageriko toki egokiren bat aurkitzen duten udal arduradunek toki-izen zahar horren gaineko oroitzapena pizteko.