itzekin bai. Zer izango da inarrosten gaituena? Zer izango ote da zoro talde bat korrikan ikustean azala oilo-ipurdi jartzen diguna? Nondik dator zoro aldra hori murriztuz doala, eta gero berriz lodituta ikustean, gorputza kurritzen digun emozioa? Zer da, eroturik dauden korrikalari horiek udaberriaren atarian klimatologiak ekarritako afrontuaren elurra, kazkabarra, euria, eta hotza estoikoki pairatzen dutela ikusten dugunean, eta une berean malkoren bat begietan agertzen denean sentitzen dugun hunkidura? Zergatik dugu gihar guztiak tenka-tzeko gogoa, bihotz berodun gizaki euskaldunak lautada zabaletan, mendi bortuetan, bidexka ahaztuetan, kale urbanoetan, zumardi hiritarretan, malda nekagarrietan gora tipi-tapa ikusten ditugunean.

Bada, arrazoi bakarra dugu: hizkuntza. Hizkuntza bera daukagu, eta horrek neurriz kanpoko lotura sortzen du, horrek egiten gaitu euskaldun, eta euskaldunok ez diogu beldurrik erronka gogorrenari ere, eta mila eta mila kilometro egin behar badira, taldeka, samaldaka, dozenaka, bikoteka eta korrikan, bada hasi egingo gara.

Gaur egun, Korrikak mundu osoko euskaldunak batzen gaitu, bertoko hiritar guztien arimak bildu egiten ditu euskararen alde galapan egitean. Baina Korrikak ere beste zerbait handi lortzen du: Euskal Herriko mapa marrazten du lasterkarien oinpetako burrunbarekin, eta korrikalari horiek guztiek Euskal Herriari forma geografikoa ematen diote lurra zapalduz eta esnaraziz.

Urteetan, ekimena hasi zenetik, milaka korrikalarik gorpuztu dute euskara, milaka zaharrek, gaztek eta umek hauspotu dute hizkuntza urteen joan-etorrian, eta hasieratik hona grina hori sentitzen dutenak biderkatu dira, eta denboraren poderioz askoz gehiago izango dira. Baina oztopo asko daude bidean, tartean betiko euskarafobikoek egiten dutena: lasterketa herritarraren aurkako adierazpen instituzional bat aurkeztu dute Nafarroan politikarekin lotu nahian. Zein patetikoak diren!

Euskarak bideak behar ditu, gure herriko bide guztiak kurrituko ditu mintzaria zaharrak, izan ere, korrikan hasi gara euskararen alde eta ditugun hitzekin ez dago gelditzerik.