arautz herri koxkor bat zen XIX. mendean, zoragarria bezain gaizki komunikatua. Fabril Linera izan zen herrian eraikitako lehen lantegia. 170 langile izatera iritsi zen; alegia, herritarren % 10i baino gehiagori eman zion lana. Gizarte-eskubideak eta babesa egun baino askoz murritzagoak ziren garaian, funtsezko baliabide bat eman zien langileei: gaixotzen zirenerako babesa. Monte-pio izena eman zioten, eta kudeaketa eta erabilpenari buruzko liburuxka bat argitaratu zuten 1858an. Txomin Arruti zarauztarrak topatu du altxor hau udaleko artxibategian.

Hainbat gauza aipagarri aurki daitezke, zenbait alorretatik aztertzeko modukoak. Hizkuntzarenak ere merezi du aipamenik: ele bitan argitaratu zuten. Uste izatekoa da gaztelaniaz idatzi eta euskarara itzulitakoa dela. Itzultzailearen izenik ez da ageri, baina ez zen edonor. Hau da hasiera: “Monte-pio gashoentzat. Alcar socorrizeko zucen-bide edo erreglac. Fabrica bateco languilleac gaisho ba tean batac besteari laguntzeco alcar ar tzen dutenean, osasunean ipiñi oi dituzte beren gaitzen erremedioraco bear diran gastuac pagatzeco neurri egoquiac. Orain daño fabrica onetaco languilleai beren gaitz-aldiyetan lagundu zaye erregla mentuaren contra cerbait eguin dalaco, edo fabricaco beargairenbat bear becela eguin eztalaco eguin dituzten calteac ga tic egotzi izan zaizten muntaquin. Baña onela artzen dan dirua beti da bada ezpadacoa, ta languilleac icasiaz dijuacen becela, guchituaz dijuana. Orregatic ere asiera onechec eracutsi du ceñ gauz ona dan gaisho dagoanari era gucietara la guntzea. (...) Sociedade au desgracian dagoanari laguntzera dijua, bañan iñolaco ere modutan ez vicioari aurrera pena ematera. Fabrica onetaco languilleak bear du izan beste gucietatic ezaguna bere oitura ta costumbre ónen, ta bere genio onaren bidez. Sociedade onen oñ eta cimendua da laneraco gogoa; gogo onec escatzen ditu berriz diversio ta jostaqueta garbiac, ta esamesaren lecuan, ejemplo ona emango dutenak”.

Mezua ez da gaurko begiekin irakurrita aise ulertu eta onartzeko modukoa, hizkera bai ostera. Aberatsa, egokia, bikaina. Eta grafia eguneratu eta hitzen ebaketa zuzenduz gero, egungo euskara estandarra bete-betean. Ez ginen hutsetik abiatu.