Behin, feminista ezagun bati entzun nion esaten, mundua ondokoa gertatzen zenean hasiko zela aldatzen: gizonezko batek, lanean dagoela, euria hasi eta etxean zabalduta utzi dituen arropez gogoratzen denean. Kolpatu egin ninduen irudiak eta horregatik geratu zitzaidan iltzatuta burmuinean.

Duela hiruzpalau aste, euri erauntsiak izan genituenean, gurean gertatu zen, ordea. Goizeko 9ak inguru zirenean, euria hasi zuen eta laneko kide gizonezko bat, biraoka hasi zen, goizean zabaldutako arropak bustitzen ari zitzaizkiola eta. Nire bulegotik atera eta zoriondu egin nuen. Eta, berak erantzun: “Euriak harrapatzen duen arropak plantxa ez du modu berean hartzen!”. Solairuko kideok horretaz jardun genuen, ondoren, kafe garaian.

Gertakizun hau igaro eta egun batzuetara, hausnarketarako talde-bilera batean parte hartzea egokitu zitzaidan. Bertan, 25-75 urte bitarteko 10 lagunek parte hartu genuen (5 gizonezko eta 5 emakumezko). Horien artean, bi kide ziren 30 urtetik beherakoak, gizonezkoak biak. Eta gazte horietako bati egokitu genion taldearen hausnarketa-lanaren laburpena egitea eta aurkeztea. Esperientzia berria izan zen niretzat mutil gazte haiekin izandako harremana: beste era batera hitz egiten zuten, beste era batera mahairatzen beraien iritzi eta proposamenak. Guztion ahotsa ozenagoa bilakatu zela iruditu zitzaigun (batez ere, han ginen emakumeona). Gure ahotsa, guztiona, baliotsuagoa zen sentsazioa izan genuen. Ez ziren jarkitzen. Horixe zen kontua. Ez zirela jarkitzen, nik orain arte leku orotan bizi izan dudan eran. Etxeko gazteei nire esperientziaren berri eman nien. Berria zelakoan. Zerbait aldatzen ari zela adierazi nien, nire hunkidura ezkutatu ezinda. Eta beraiek, behiak trenari hala begiratu zidaten.

Berriro hunkitu nintzen. Estralurtarra ni nintzela konturarazi baitzidaten. Zorionez, badela nik oraindik deskubritzeke dudan lur bat jakitera eman zidaten. Beraiek, jada, ezagutzen dutena. Zorionekoak haiek, pentsatu nuen nire baitan (eta zorionekoa ni, amestutako lur berria aurki ezagutuko dudalako)!