Opor egunak iragan dira eta horrekin batera zarata berriak heldu dira. Beti izaten ditugu zaratak inguruan. Gure lasaitasun egunak ez dira hain lasaiak, eta gainpopulazio eta turismoaren eraginez ere gure hiriak oso espazio kaotiko bihurtu dira. Nahasketa horretan ere ikusmen- eta entzumen-kutsadura handia pairatu behar ditugu, eta benetan oso zaila izaten da isilune bat gordetzea.

Jendetzaren zarata gustuko omen dugu, bai eta kalibre handiko musika, oihu eta elkarrizketa nahasmen infinitua ere. Euskal Herriko hiri handietako jaietako data zehatzetan giro zaratatsuetan bizitzeko ohitura gureganatzen dugu urtero, eta jendeak berak sortzen duen azantzaz gain, bestelako zaratak onartu egiten ditugu harridurarik gabe.

Bilboko Aste Nagusian makina bat kontzertu izan dira gauero, guztiak espazio mugatu batean, guztiak hurbil, musika nahasketa dosi eskandalagarriarekin. Edozein kaletan, edozein txosnatan musika milaka dezibeliotan entzungai.

Eta gauero, su-artifizialak. Argi eta kolore espektakulu harrigarriarekin batera sekulako burrunba sortzen dute, gero eta zarata handiagoarekin, ikusteko biltzen den jende guztia aho zabal uzteko asmoz. Bonba handi horiek entzun eta jasan behar dituzten pertsona beldurtiak edota inguruan bizi diren animaliak izaten ditut gogoan. Zelako sufrikario horiena!

Ez dut uste zaratak ondorio onik ekarriko duenik. Aldiz, gure garunaren osasunerako, eta batez ere, beti eskuratu nahian gabiltzan ongizaterako, isiltasuna premiazkoa da. Lehena estresaren sorburua izan daiteke, eta tentsio horren ondorioz, eragin negatiboa sor daiteke gure garunean. Bigarrenak garuna askatzen du eta informazioa modu errazagoan barneratzen ahalbidetzen du. Aldizkari batean irakurri dudanaren arabera, musika lasaigarria entzutea baino are erlaxagarriagoa da isilik egotea. Une horiek onuragarriak eta burmuinerako estimulatzaileak dira, zalantzarik gabe. Zalapartatik deskonektatzen ikasten badugu, libre izateko esperientziaz ere jabetuko gara, eta bestelako soinuekin gozatuko dugu. l