Herrien historia mendeka neurtzen dela ikasi genuen baina badira gertaerak 50 urteren ostean hasten direnak argia ikusten eta baita oso denbora laburrean joaten direnak euren izaera eta zentzua azaltzen ere. Azken horietakoa da Guggenheim Bilbao Museoa, horixe da-ta bere izena, euskara hutsez jarria. Ordutik hona, zuzendari nagusiak euskaraz jakin ez arren, ez dago jendaurreko zerbitzuetan euskaraz tajuz egiten ez duenik. Gogora etorri zaizkit xehetasun biok, ospakizuna aitzaki ikusi dudanean medioetan euskarazko iritzi-artikulu eta kroniken gabezi nabarmena.

Ezin da ukatu Guggenhein Bilbao Museoarekiko begirada aldatu denik. Halere, aditu temati bati oraintsu entzuna diot bisitari euskaldunak %15a baino ez direla eta besteren batean erditik gora. Hala izanda ere, milioi batetik 150.000 dira etxekoak batean eta 100.000ren erdia, 50.000, bestean. Gure museo guztiek dute elkarrengandik ikasteko eta guztiek dute irabazia euren lekua. Baita Guggenheimek ere.

Kontu bakarra ez da bisitari kopurua, noski. Baliabide publikoak jasotzen dituztenek zor diguten gardentasuna hasieratik erakutsi zuen Guggenheimek, urtekako kontu ematean ez ezik baita kultur egitasmoan ere. Urteko bisitari kopurua, lurraldeka eta erakusketaz erakusketa zehaztuta informatzeak, esaterako, kultur balio handia du, haur eta gazteentzako egitarauen berri modu erakargarrian emateak duen bezalaxe. Eta azpimarratzekoa da Guggenheim lehena izan dela. Halan da ze, aurretiko urteetan ez bazala, egun ez dago museorik bere jardueren nondik norakoak sasoiz eskaintzen ez dituenik.

Mende honen hasieran oraindik, arte-lanen gordailu garrantzizkoak bezain opakoak ziren museoak. Oinezkook ez genekien altxor horiek zirenik ere, are gutxiago geureak zirenik. Zorionez, gauzak aldatu egin dira, kulturgintzak dimentsio herrikoiagoa eta demokratikoagoa du. Eta zalantzarik barik, orain 25 urte Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hartu zuten erabakiak ere bere eragina izan du. Gero gerokoak.