Euskararen Nazioarteko Eguna pasatu berri dugu. Euskararen Legea duela 40 urte lortu izana gogoratu dugu. Euskaraldiaren 3. edizioaren gaineko datuak interpretatu ditugu. Lan izugarria egin da. Ez gaude, inola ere, duela 40 urte bezala. Eta euskal gizarteari zor zaio lortutako emaitza. Koxkatxo batekin topo egiten dugu, ordea. Erabilerari dagozkion datuekin. Eta ezin dugu saihestu galdetzea, zein den euskara gehiago erabiltzera bultzatu behar gaituen botoi magikoa.

Aurreko astean, 2022ko Lauaxeta Sariak banatu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak. Sarien artean, bada bat, Ohorezko Saria, nazioartean euskararen ezagutza eta erabileraren hedapenean ibilbide nabarmena egin duten pertsona edo erakundeei ematen zaiena. Aurtengoan, hiru izan dira sarituak. Eta horietako bat, Hanna Lantto finlandiarra izan da, irakurletza programen bidez euskararen erabilera sustatzeko egindako lana aitortu zaiona.

Hannak kontatu zuen, duela 20 urte, Erasmus programari esker etorri zela Bilbora. Eta euskararekin eta euskal kulturarekin maitemindu zela. Euskara ikasi zuen. B2 maila duela aitortu zidan. Eta Finlandiara bueltatu zenean, berak izan zuen aukera hura gainontzeko finlandiarrei zabaldu behar ziela sentitu eta euskara irakasteko eskolak ematen hasi zen.

Eta nire galdera zen: nola maitemindu zen Hanna? Zerk piztu zuen txinparta berarengan? Eta erantzuna nahiko laster ezagutu ahal izan nuen. Sari banaketara, duela 20 urte pisukide izandako lagun batekin joan zen Hanna. “Geurekin batera eramaten genuen leku guztietara” adierazi zidan pisukide ohiak: “poteak hartzera, kontzertuetara, herrietako festetara… eta gure kulturaren ezaugarri oinarrizkoak zeintzuk diren kontatu genion, baina oso modu naturalean. Gainontzekoa, berak jarri zuen. Euskara ikasi nahi izan zuen, hemengo kulturaren parte izateko”. Eta, berehala, eskaini genezakeen bidaia-pakete bat amestu nuen. Hannari eskaini ziotenaren antzekoa. Euskara ez dakitenak euskararekin maitemintzeko eta euskal kulturaren munduan murgiltzeko euskaradunok egin genezakeen ahalegin berri batean, alegia.