Geureak ditugu osasunaren eta osasun politikaren eremuetako gertaerak. Horrexegatik kezkatu gaitu Osakidetzari buruzko berri txarrak, bakarren batek adierazi badu ere ez dugula nozituko protesten ondoriorik. Arazo larriak daudela jakiteak soilik atsekabetu egin gaitu. Baina sentimendu hutsak konpobiderako antzuak dira; hobe da norberak dakiena beste ikuspegiekin batera jartzea, ekarpenik apalenak ere balio baitezake irtenbideak bilatzeko.

Donostiako Ospitaleko profesional biren kargugabetzea ezagutu dugu aste honetan. Herri erakundeetan ari direnenganako errespetutik esan dezadan ardura berezietarako izendunak erakutsi behar duen lehen ezaugarria dela erantzunkizun nagusia duenak proposaturiko ildo eta lan estrategikoak partekatzeko eta garatzeko jarrera. Hori ezean alde batera egitea tokatzen da. Pertsona orori zor zaion begirunea salbu, izendapenak dakarren ardurarekin eta konprometitzen duen lanarekin bat ez etortzeak konfiantza hausten du eta ardura hori laga behar da, egoera ez dadin bihurtu oztopo erakundeak aurrera egiteko. Zilegitasun osoa du herritarren ordezkaritza politikoa duen gobernuaren jardun estrategikoari aurka egiteak, noski. Baina borondatez gobernuarekin lerrokatu denak zilegitasun hori izango du soilik lokarria hausten badu. Arrazoia sinplea da: erakundearen burua da, eta ez beste inor, jardun soziopolikoaren gaineko kontu arrazoiak eman beharko dituena herritarren aurrean.

Osakidetzaren etorkizunak irizpide eta estrategia bakarrak behar ditu, lurralde eta eskualde bakoitzaren berezitasunak kontutan hartuz, erabakiko dituena zer eta zelan egin den non eta etorkizuneko beharrei erantzuteko zeintzuk diran inbertsio eta azpiegitura estrategikoak. Herritarroi zor zaigu guzti horren informazio zehatza eta ulergarria, gure eskubidea baita erakundeek eskuartean dituzten egitasmoen berri jasotzea. Desadostasunen eta erasoen gainetik –oso gainetik– daude euskal osasun sistemaren kalitatea hobetzeko ardurak eta lanak.