Albiste batzuekin nekatuta gaude, edota agian beti distantzia batetik entzuten ditugu. Hots, ez ditugu beren bolumen osoan sinesten.

Askotan gertatzen zaigu minbiziaren inguruan sortzen diren aurkikuntza miresgarri horiekin. Minbiziaren aurkako entsegu kliniko batean tumoreak garatzeko inhibidoreak aurkitu dituztela, laster antzeko botikak aterako dituztela, eta farmakoaren jarduera oso positiboa izango dela, eta abar, eta abar. Lehenago sufrikarioz beteriko arratoi zuriak irudikatzen ditugu orduan, hil aginik egotetik bizitza alaiago batean jostari, gazta zatitxoak jan eta jan, botika harrigarri horiei esker salbaturik.

Eta era berean, guk modu subliminalean ulertzen dugu minbizia datorren astean amaituko dela, eta etorkizunean izan genezakeen laborri horren kontrako antidoto perfektua erdietsi dutela zientifiko atseginek. Laborategiko pertsona horiek munstro batzuk direla, jendearen osasunari emanak, altruista hutsak, eta mila esker, mila esker, mila esker.

Baina albisteak (ez pertsonak eta zientifiko langileak) batzuetan, baikorregiak dira, eta ez dute egiaren zati osoa kontatzen. Hala, handik bi urtera antzeko albistea entzungo dugu, nahiz eta benetako esanahia ulertuko ez dugun.

Bada horixe gertatu zait egunotan hainbesteko ikusmira sortu duen albiste batekin: energia errentagarriaren oinarria topatu dutela amerikarrek fusioren teoriatik tiraka. Titularren azpian kalibre handiko informazioa zabaltzen zen, eta beti ere, fusio errentagarria lortu dutela, edota energia mugagabea lortu dutela esan da. Bertako aditu baten hitzak irakurri ditut: aurkikuntza horrek lagunduko du konpontzen gizateriaren arazo konplexuenak eta larrienak; esaterako, energia garbia sortzea, klima aldaketari aurre egiteko, eta disuasio nuklearrari eustea proba nuklearrik egin gabe... eta ez diot sinetsi. Eta espekulazioa izan da burura etorri zaidan lehen hitza, eta gero menpekotasuna, eta gero, nagusitasun osoa. Arraro xamar iruditu zait amerikarrak lehenak izatea horretan.

Ezkorra? Baliteke, baina ez sinestun bilakatu naiz, barkatu.