Joan den larunbatean milaka pertsona elkartu ziren Bilbon Sare Herritarra eta Bake Bidea plataformek deituta, ETAko presoen eskubideen aldeko manifestazio batean parte hartzeko. Aspalditik egiten da urtero, urtarrileko lehen egunetan, batzuk edo beste batzuk antolatua. Aurtengoa, jendetsua izan arren, ez dira gai izan aurreko deialdien antzeko mobilizaziorik egiteko, pandemiaren ondorioz bi urteko geldialdia eta gero egiten den lehena izateagatik akaso. Baina ziur nago ez dela arrazoi bakarra izan. Egun batzuk lehenago, urruntze politika justifikatugabea gainditu ondoren, logo eta lelo berrituak aurkeztu zituzten martxaren antolatzaileek: ‘Etxera Bidea Gertu’ lelopean, kartzelatik etxera igarotzeko etapa berri bati ekiteko eskatzen. Horrek, berez, ez luke inor eskandalizatu behar, baldin eta, hala badagokio, legea betetzetik ondorioztatzen balitz eta, edozein lege-eskakizuni baino lehen, deituriko zoru etiko minimo bati erantzunez. Gertatzen da, zabaldutako diskursoek aldarrikatu zuten bezala bada –hau da, herri honek erabakiko du presoak “nola eta noiz” itzultzen diren etxera eta gizartera itzultzen diren (sic)– bizikidetzaren etxea, guztion etxea, kolokan dagoen zoru hauskor baten gainean altxatzea nahi dutela. Eta ez badute behin ere aipatzen egindako delituez biktimei eragindako mina bidegabea izan zela, euskaldunen gehiengo handi bat biziki haserretzen duen diskurtso toxiko, faltsua eta baztertzaile bat eraikitzen ari dira ere. Ez dut inola ere esaten biktimek presondegiko politika edota arauen eta legeen interpretazioa baldintzatu behar dituztenik, ez. Esaten dudana da terrorismoaz kondenatuak izan direnak akritikoki tratatzea onartezina eta lotsagabea dela. ETAko presoak izan ala ez. Beraz, manifestariek ere plazaratu zuten azken konpromisoari heltzen diot orain: bakegintza- eta bizikidetzaren zikloan parte aktiboa izatea.

Mendeku- eta gorrotorik ez, baina ezta ahanzturik ere: fitxa mugitzeko txanda eta aukera Sare- eta Bake Bidearen kideen esku daude. Aurrera ba.