Euskal Herriko hainbat eskualdetan ondo bereizten ditugu xxKERIA eta xxTASUNA, handikeria eta handitasuna, esaterako. Bistakoa da oinarri hartutako hitz/kontzeptu bati atzizki biotako bat edo bestea erantsiz zeharo aldatzen dela bere zentzua. Euzko Alderdi Jeltzalearen marku kexatiak nagikeria eta gogaikeria ekartzen omen dizkio Espainiako mandatari jaunari, berak ordezkatzen duen gobernuari horrelakorik inspiratzen ez badio ere. Eta zerk eragin dio, bada, horrenbesteko inkesa?

Aurten 44 urte beteko dituen Gernikako Estatutua da gaia. Eta EAJ-PNVren pazientzia aktiboa da, antza, buruhauslea. PSE-PSOEko Idazkari Nagusiak esan berri du bere alderdia izan dela bakarra lege organiko horren alde egon dena urte guztiotan. Egon, …. bai; beste gauza da aritzea, transferentzien alde Madrileko Kongresuan agertzea eta bete dadin espreski aldarrikatzea. Zahartzen doan Estatutua zaharkitu ez dadin da ahalegina, mundu zabaleko eraldaketekin koherentzian bere testua interpretatzea eta, akordio zabal berririk ez dugun artean, jaoitzan zuen sendotasunari eustea. Lan horretan ez dugu PSE ikusi. Egonean egoteak politikan -beste esparruetan bezala- atzerakuntza dakar, bistan denez.

Espainiako gobernuan 26 urtetik gora daramatzate honez gero sozialistek, bakarrik edo laguntzarekin. Eta urte horietan Gorte Nagusietan mugitu den bakarra Euskal Taldea (EAJ-PNV) izan da. Ez dugu inoiz ikusi Talde Sozialista (Euskadiko hautetsiak barne) Estatutaren aldeko ekimenik abian jartzen.

Asperdura dakarrela PNVren kexa etengabeak? Egutegia baikorregi -arinegi- kalkulatu zela? Estatutuan bertan aurreikusten zen hiru hilabeteko epea agian bai baina 3-520 hilabeteko tartea ikusita ezin daiteke horrelakorik esan. Egonik egonean, isilik isilean,…. ba omen du PSOEk Estatutua betetzeko borondate politikorik?. Horrela bada, nola da posible solik Euskal Taldearen botoak behar izan dituenean urratsen bat ematea eta nekez bera ere? Nola sinistu urratsik ez dakarren borondate politikoan?