Mantso eta nagi doa Arga Iruñerrian behera garaia baino lehen marduldutako galsoroen artean, egiazko neguak gariaren haziera noiz geldiaraziko zain. Ur-lasterrik gabe zeharkatzen ditu Belaskoaingo zubi-begiak, sigi-saga labaintzen da indarge ekaineko sugar gorriek kiskaldutako mendi-hegalen artean, betiere ardantzez oparo jantzitako lur zabalago eta lauagoen bila, harik eta Garesko zubipeak atzean utzi eta Mañeruko dermio bihurria bustitzen duen arte. Iraganak karlistaldietako gerra hots odoltsuak ekartzen ditu gogora, baita bertako ardoaren ospea ere. Oihal zuri batean “Mañeruko iturrietan asetzen dugu gure egarria” idatzirik ibili zen Iruñeko gazte koadrila bat karrikadantzan, duela ehun urte inguruko Sanferminetan. Bertzelako bazterrak dira, hau da, euskarari lotu ohi zaizkion koloreak agertzen ez dituena. Dena den, han, XVIII. mendean, dotrina euskara erakusten zen. “Sentido corporaleak dire borz. Lendabisicoa, beguiz icustea. Bigarrena, bearriz aicea. Yrugarrena, sudurres urrin itea. Laugarrena, agos gustecea. Borzgarrena, oñes eta escus uquicea…”. Gero, ez zen libratu XIX. mende madarikatuak hizkuntzan ere utzi zuen arrasto hilgarritik. XX. mendearen bukaeran gauzak aldatzen hasi, eta gure mende honetako mañerutar aunitzek euskara berreskuratzeko gogoa agertu dute. Azken lau urteotako haur txikien artean, 21etik 16k aukeratu dute D eredua; bertzeek, A. Hori bai Garesen, herriko eskola itxita baitago. Bada, mendiak zelaitzen hasten diren inguru hori dugu setakeriaren azken agerraldia. Baita azken aurrekoaren lekukoa ere, hots, Mendigorria. Mapa baten gainean irudikatzen ditut UPNko eta PSNko estratega tematiak, sumin eta kolera gorriturik, Mañeruko Udalaren eskaera eragotzi nahian. Hala ere, mantso eta nagi bada ere, mañerutarren eskaerak aitzina eginen du, Argaren emariak nola.