Pertsona edo giza-talde zaurgarriak edo kalteberak deitzen zaie gizarte-gunetako ertzetan bizi direnei. Zorigaiztoko pertsona horiek ez ditugu nahi izaten ondoan, batez ere ahulezi sozioekonomikoa denean euren ezaugarri baztertzailea.

XXI.mendeko Europaren mapa sozialak izugarrizko kohesio-krisia erakusten du eta pobreziak marrazten du zaurgarritasunaren muga gisa. Gizartean gertatzen dena islatzen da eskolan. Baina ikasteko garairik behinenetako adinean dauden hiritarrak bizi dira eskoletan eta horixe da gure esperantza, hezkuntzaren balio eraldatzailean sinesten dugunon esperantza.

Eusko Legebiltzarrean inoizko akordiorik zabalenaz onartu zen Hezkuntza Hitzamera oinarri, bidean da Euskal Hezkuntzaren Legea, lehena gure historian. Asko dira erronkak, lerro hauetan ere aipatu izan direnak. Besteak beste, pertsonek beren kabuz pentsatzen ikastea, autoestimua indartzea, ahaleginaren kultura suspertzea eta besteenganako errespetua eta enpatia lantzea. Laburbilduz, balioetan eta bizikidetzan ikasten jardutea, elkartasuna sustatzea eta, bereziki azpimarratzekoa, pertsona edo kolektibo ahulekiko arreta eta zaintzaren etika modu eraginkorrean gauzatzea.

Inklusioa+ekitatea bikotea da ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzeko duten eskubidearen zerumuga, edozein dela ere euren jatorria, ideologia, ahulezia edo sendotasuna. Ahaztu gabe –zehaztu nahi dut– euskararik eta euskal kulturarik barik ez dagoela Euskal Herrian bikote horri zentzua emango dion gizarte kohesiorik.

Ikasle zaurgarrien hezkuntza eskubidea eta guraso guztiek euren semealaben eskola hautatzeko eskubida uztartuz, ikasle-talde orekatuak eratu behar dira eta ikastetxe guztiek ekitatearekiko konpromiso berdintsua asumitu. Horixe eragin nahi du Hezkuntza Sailak matrikulazio-araudia abian jarri duenean. Tresna baliagarria da funts publikoek sostengatutako ikastetxe guztien artean lortzeko, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste izaera batekoengatik ez daitezen bereiztu. Hala bedi.