Ez nuen aurrez aurre ezagutzeko zoririk izan, baina luzaroan ibili izan nintzen Julene Urtzelai Aramendiren argazkiak arakatzen, haren bizitzaren aztarnak bilatzen; orain ez zait iruditzen noizbait agurtu izan ez nuenik, egunen batean begi hipnotiko haietara begiratu eta nire miresmena eta esker ona adierazi ez nizkionik.

Miresgarria izan zen, bai, Emakume Abertzale Batzaren ekina, engaiamendua, irmotasuna, nortasuna, ahaldun-tzea; aipatu eta goraipatu beharrekoa ehunka, milaka pertsonaren aurrean hi-tzaldiak eman zituzten emakume haien kuraia, gure hizkuntzaren, identitatearen, berdintasunaren alde borrokatu zirenena.

Ostiralean inauguratu zen Azkoitian Julene Urtzelairen brontzezko irudia, Lourdes Umerez herritarraren eskultura bikaina. Ezin hobeki harrapatu du Lourdesek Juleneren begirada adierazkorra.

Garai batean lanean jardun

zinena hezur-haragi,

orain brontzezko irudi zara,

oroimenaren garabi.

Iragan haren erraietatik

geroak garrasi dagi;

haize freskoa eman zenion

gure askatasunari,

zuen lanaren ondorio da

gaur eguneko Euskadi.

Azkoitiarra, Parisen barna

Caracas hiri handira,

izoztz arteko lilien gisan

zuk nonahi ere distira.

Julene Urzelai; zure irudia

gaur betikotzen ari da,

zure bi begi ederrak gure

ametsen ispilu dira:

zauriak bistan dauzkate, baina

beti aurrera begira.