Sarri entzuten da Espainian ez dagoela koalizio-gobernuen kulturarik, Pedro Sanchezen saiakera dela lehena. Espainian horrela da agian baina Euskal Herrian, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan, aspaldikoak dira desberdinen arteko hitzarmenez burutako erakundeak.

Azken 36 urtetako 10 legealdiotan esaterako, horrela eratutako 8. Jaurlaritza da oraingoa. Aipatu aroan, talde politiko guztiek hartu dute parte akordioetan; gogoratuko dut Alderdi Popularra eta Ezker Abertzalea ere Jaurlaritzari eusten egonak direla Legegintza-hitzarmen bana tarteko; bata Patxi Lopezen aldian eta bestea Juan Jose Ibarretxeren lehen agintaldian. Iñigo Urkullu da bakarra EAJ-PNVren babesez Jaurlaritza osatu eta legealdi bat burutu duena. Antzeko akordioak daude foru aldundi, hiriburu eta hainbat udaletan ere.

Harrigarria da PSEk pilatu duen esperientzia baliatu ez izana pedagogia egiteko PSOEn. Bestalde, Espainiako komunikabideetan ez du ematen intentzio eraginkorrez begiratu zaizkienik talde politikoen arteko hitzarmen estrategiko hauei; alderantziz, gobernua hasiberri izanari egozten zaizkio hutsuneak, eredu bila nora begiratu ez balego bezala. Hona hemen, behin gehiagotan, estatu espainiarrak erraietaraino barneratua duen zentralismoa: gobernu “zentrala” Madrilen dago eta ez dago “benetako” beste gobernurik.

Bistakoa da Espainiako gobernuaren estiloak baduela zertan hobetu. Badaude eredugarri dakizkoken prozeduraz osatu eta garatzen doazen gobernuak, bai Euskal Herrian eta baita Europa zabalean ere. Ez dago sekreturik: egitasmoa eta bere kudeaketa hitzartu, desadostasunak erabaki non dauden eta adostu nola egingo zaien aurre, … eta gizarte-ehunaren isla den erakundea errespetuz jagon.

Euskadi ez da paradisua. Baina herri-erakundeetan ari diren alderdiek jakin izan dute, orain arte bederen, elkarlan-giroari arrakalarik ez egiten. Begirada luzea eta lan sakona behar dira, noski. Baina horixe onesten dugu herritar gehinok; alderantzikoa da gaitzesten duguna.