lau aste elurra bota zuenetik, lau aste atertu zuenetik, lau aste ateri eta eguzkitsu, bazterrak berriz ere idor baino idorrago, hiriraino bertaraino iritsi zaigula “Francia” hartan piztutako suei darien kea. Euria egin ezean, inoizko otsailik idorrenetakoa izanen dela jakinaraziko digute sarri. Azken zortzi egun honetan, gainera, eguerdi ondoko eguzkiaren epela nagusitzen ari zaio nabarmen gaueko hotzari; harresietatik, gero eta elur gutxiago ikusten da Goñiko gainetan, Beriaingo puntan eta Aralarren. Alde izugarria dago, hala ere, ospeletik berokira. Urtarril erdialdeko elurra lapa zorriak nola gelditu baita itsatsirik ospelean, toki aunitzetan. Konparaziora, aste honen hasieran lurmendu da Ezkaba mendiko azken elur arrasto txikia, Ezkabarteko baso ospelean. Azken egunotan ere gesaldu dira Loitiko azken elurrak, eta oraindik ere zuriuneren bat dago Alaitzen eta Elomendin. Sakanan ere alimaleko aldea dago Beriaingo itzaletik Aralarko eguzkialdera, Beriaingo ipar magala zuri-zuria baitago 900 bat metrotik gora. Zuri-zuria ere, adibidez, eta ederki hormatua, Aizpurgiko zubitik Benasako zintzurrerainoko tartea, San Kiriko eta Illongo ipar hegalak, alegia. Errekaz bertzaldean, ordea, aspaldi da dena lur kolorea. Ez pentsa, Alde Zaharrean berean ere alde ederra dago egunotako hozberoan eguzkialdetik itzalera, nekez sartzen baita eguzkia karrika mehar ospel eta hezeetan. Zoazi Gazteluko plazatik Dindatxikira, Zapateriara edo Estafetara bertara, edo San Frantzisko plazatik Ansoleagara. Kontrara, uda mineko bero zakarrean, zoko-moko ospel horiek hobetsiko ditugu, eguzki-galdatik ihesi. Bada, karrika ospel horietako batzuk izanen dira gaur goizean Iruinkokoaren ardatz, eta gero, berriz, eguerdiko 12:30etik aitzina, Santa Ana plazako beroki goxoa, irri, ziri eta zirto emanaldia eguzkipean gozatzeko.