Ozeanoetan egin ditugun eskrupulurik gabeko jardueren eragina itzela izan da, eta urteen poderioz eta eskala globalean sortu ditugun aldaketa negatiboak gero eta nabariagoak dira. Ikertzaileek esandako esaldi batzuek beldurra sortzen dute: arrainak baino plastiko gehiago egongo da itsasoan 2050ean. Eta hala da, makina bat milioi tona plastikok amaitzen dute itsasoan.

Gure ozeanoek lurreko eremuaren %70 okupatzen dute (ez dira inorenak, guztionak dira) eta eremu horietako biztanle pilo batek bertatik eskuratzen du eguneroko mantenua. Horrexegatik, itsasoko biodibertsitatea babesteko nazioarteko ituna betidanik izan da aldarrikapen beharrezko bat, bestela, antropozeno garai honetako aritze kaltegarriek klima aldaketa, pobrezia eta elikagai eta energia segurtasun falta sakonagoa ekarriko dituzte, hortaz, sekulako garrantzia du gure ozeanoak modu batean edo bestean babestuta izatea.

Hasieran Artikoko ozeanoko ur-zatiak lortzeko asmoz petrolio-enpresa asko lehiatu ziren, eta betidanik jarri dira oztopoak hango paisaiek aratz segi dezaten, ur azalean zein sakoneran. Eta berdin gertatu zen munduko beste ur-bazter askotan. Ozeanoen Itun Global bat premiazkoa zen aspalditik, eta duela egun batzuk, gatazka geopolitikorik gabe, ozeanoak babesteko oinarrizko ituna lortu da, nahiz eta orain bildutako estatuek berretsi behar duten.

Lehen urratsa da, historikoa, eta ozeanoen %30 babesteko bermea ekarriko du, bai eta gizakion joera suntsitzailearen aurrean itxaropena ere.

Gaurko egunetan ohikoak diren kutsaduraren, gehiegizko arrantzaren, eta klima aldaketaren ondorioz bertako biodibertsitatea arriskuan da, eta orain, horren guztiaren kontra nazioak arituko dira, 2030erako urak babestu eta haien kudeaketa arautzeko helburua bete ahal izateko.

Baina betiko legez, interes ekonomikoek dute azken hitza, eta beste askotan bezala, herrialde bakoitzak bere zilborresteari begiratuko dio, poltsikoak diruz kargatzen dituzten bitartean.

Urrats bat eman da inorenak ez diren urak babesteko, baina nahikoa izango ote da?