Aste honetan hiru gai izan ditut buruan bueltaka. Gehiago egon zitezkeen, jakina, aztoraturik bizi baikara mundu krudel honetan, baina tristuraren eta noraezaren esajeratze tamalgarria gertatuko litzateke denak metatuz gero.

Alde batetik kontu pozgarria martxoaren 8ko aldarrikapen beharrezkoen ostean. Euskal Herriko Mugimendu Feministak larrazkenean greba feminista orokor baterako deialdia egin zuen, eta euren esanetan borroka artikulatu bat planteatuko dute hemendik aurrera greba feminista orokor horri begira. Aurten zaintza gaia izan da erdigunean, eskubide kolektibo gisa ulertuko beharko litzatekeena, eta mugimendu feministak modu globalean eraldatu nahi duena, negozio izatetik zaintza bidezko eta komunitario bat bilakatu arte. Hortaz, greba feministak beste iraultza bat ekarriko du berriz.

Migratzaileek pairatzen dute zaintzaren alderik krudelena, soldata miserableekin eta anitzetan, tratu txarrekin. Migratzaile horietariko asko ez dira Europako kostaldera heltzen, eta zoritxarrez bidaia espantagarri horretan hiltzen dira. Hala, joan den astean makina bat pertsona hil ziren itsasoan bidaiatzen ari ziren ontzia irauli ostean. Beste behin, Italiako gobernuak migratzaileak Italiara iristea saihesteko maniobran, sekulako utzikeria eta axolagabekeria erakutsi zituen pertsona horiekiko. Kalapita sortu omen zen Libiako eta Italiako agintarien artean, erreskatearen eskumena nori zegokion eztabaidatzen, eta bizkitartean, pertsona horiek ito ziren.

Agintariek bestelako katramilazioak izaten dituzte buruan, batez ere sosari begira izaten direnenean. Guregandik hurbil dugun Kutxabankek 330,5 milioi euroren irabaziak lortu zituen joan den urtean. Askotan, galdera sinplea da. Nola lortzen da mozkin ikaragarri hori? Bada, batzuetan inolako eskrupulurik gabe erabiltzen dituzten abusuzko praktiken bidez. Egunotan Eusko Jaurlaritzako kontsumo institutuak isuna jarri dio Kutxabank banketxeari praktika horiek erabiltzeagatik. Bezeroaren aldeko politika ezerezean gelditzen da mozkinak lortu behar direnean.