Bideoak ikusi ditut. Tragediak ere ederrak izan daitezke. Bortzehun metroko frontea hartu zuen asteburu honetan Armancetteko glaziarrean (Frantzia aldeko Alpeak) sei lagunen heriotza eragin zuen elur jausiak. Aise erraten da gero. Bortzehun metro. Kilometro erdi bat. Pirinioetan 50 metro luze den elur jausia handitzat hartu ohi da. Lehengo egunekoa halako hamar gertatu zen. Bat-batean, Malloen erdia –tira, pixka bat gutiago– elur eta horma Araitz ibarraren gainera etorri balitz bezala. Armancetteko olde zuriaren desnibela ere ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan: 1.600 metro, elurra lerratzen hasi zen tokitik azkenean baratu zen arteraino. Ohiko abiapuntutik hasita Hiru Erregeen Mahaiko kaskora ez dago hainbertze. Zabaldu denez, istripua Pazko igandean gertatu zen, non eta eskiatzaile eta mendizaleen ohiko joan-etorrien lekuko izaten den bazter batean. Erran bezala, haren ondorioz sei hilotz gelditu ziren mihise zuriaren azpian. Ikaragarria, dudarik gabe, baina elur jausiaren neurria kontuan harturik, apala ere ematen du ezbeharraren bilanak. Tenperaturaren bat-bateko igoera ez-ohikoak izan omen zuen errua. Joan den udan, arrazoi berari leporatu zitzaion Marmoladako glaziarrean (Italiako Dolomitetan) hamar hildako eragin zuen elur jausia. Alabaina, hura abuztuan gertatu zen eta oraingoa apirilean. Alpeetan agorrilean egiten ziren udako ohiko trekinak uztailera edo ekain bukaerara gibelatzen hasiak ziren Euskal Herriko mendizaleak, giro “hotzagoaren” bila, beroak ekartzen dituen arriskuak apaldu nahian. Lehengo igandeko istripuak zail jarri dizkie kontuak. Aditu gehienak iazkoaren pareko beroa iragartzen ari baitira, aho batez, Alpeetan nahiz Pirinioetan, Baztanen zein Bardeetan. Gaitz erdia litzateke horren ondorio gaizto bakarra balitz euskal mendizaleen ametsak zapuztea.