Duela urte batzuk, Argentinako argitaletxe batek argitaratutako La principesa izeneko liburu batekin topo egin nuen kasualitatez. Ez zatekeen ezer berezia izango liburuaren azala Saint de Exupèry idatzitako El principitoren igual-igualtxoa zelako baizik: mutiko errubio bat, zutik planeta txuri batean, izarraz beterik espazio urdinari begiratzen. Baina kasu honetan, mutikoa neskato bat zen. Argitaletxeak berak argi eta garbi azaldu zuen “zergatia”: jatorrizko obraren egokitzapen feminista zen, haurren osasun emozionalak eskatzen baitzuen printze txiki bat baldin bazegoen printzesa txiki bat egon behar zela ere. Gogoan dut neure buruari esan niola, ezinezkoa da, hau astrakanada… Urte batzuk geroago, Agatha Christie-ren Diez negritos liburuaren inguruko polemika piztu zen. Hizkuntzaren puritanoek, orduan, titulua aldatu behar zela –beraz, trama bera ere– aldarrikatu zuten, arraza-arazo batengatik irainduta senti zitezkeen kolektiboak egon ez zitezen. Txantxetakoa dirudi baina ez: argitaletxe batzuen hurrengo edizioetan ez ziren beltzatxoak izan soldadutxoak baizik. Tira, antimilitaristeen erantzuna esperoan orain… Roald Dahlek –haur literaturaren autore handienetako bat– idatzitako istorioak berridatzi behar direla eskatzen dute ahots batzuk azkenaldian, pertsonaien ezaugarri fisiko jakin batzuk kenduz edo nortasuna aldatuz, testuak inklusiboagoak izan daitezen, beste burugabekeria bat. Hor daude ere, halaber, apartako ipuin desberdinak idazten dituzten autore garaikideei balioa eman aurretik haurren klasikoak zentsuratu nahiago dituztenak. Nork daki 100 urte barru, kontakizuin horiek akaso eragozpenak, lotsagarriak edo gaitzesgarriak izango direla zentzore berrien iritziaz.

Ez dakit nola eta noiz bihurtu garen gizarte uzkur eta konplexuz beteriko bat, holako apeta supremazistak ahalbidetzen dituena, doktrinamendu-moda berri hau kaltegabea dela pentsatuz. Ba, nire txikiak, liburu bat eskuan, amona izan zen bezain libre ikusi nahi ditut nik orain. Besterik ez.