Euskararen ezagutza eta erabilera elkarrekin doaz: lehena ezean bigarrena ezin. Ezagutzak berba ekarten du nork entzun eta erantzun dagoenean. Baina ez da hori baldintza bakarra. Inkesta soziolinguistikoaren edizio guztietan aztertzen dira bi osagaien elkar-eraginak.

Oro har, atzean utzi dugu euskal hiztunen galera. Euskararen biziberritzea ahalbidetzen eta erasotzen duten parametroak ere “berriak” dira: jaiotze-tasaren jeitsierak eskola bidezko euskaldunen hazkundea geldotu du; atzerrietatik etorritako bizilagunen hizkuntza-ohiturek gure harreman moduetan eragin dute; eta globalizazio prozesuek hizkuntza hegemonikoak erdigunean jarri dituzte.

Eragile horien ondorio batzuk soilik aipatzearren, duela 30 urte euskaldunen %60a gune euskaldunetan bizi zen; gaur egun %40tik gora ez doa multzo hori. Beraz, hirigune ertain eta handietan euskararen presentzia areagotu egin da baina baita eremu euskaldunenetan euskaraz egiteko aukerak urritu ere. Erronka da arian-arian euskalduntzen doan bidea atzera-zamei aurrea hartuz joan dadila garatzen. Baina hori ez da berez etorriko, ekarri egin behar dugu denon artean.

Euskara biziberritzeko ahaleginean dabilen herrian bizi gara. Bizilagun gutxi batzuk ez dute euskara ezagutzen; badira aspalditik ikasten dabiltzanak eta baita erraztasuna irabazten doazen euskaldun berriak ere; azkenik, euskaraz aise aritzen den abandoardia ere badugu adin-tarte guztietan. Prozesu osoa euskararen alde doa. Halere, egungo euskaldunen erdiak euskaraz baino erraztasun gehiago duela erderaz. Hor markatzen du inkestak estategia-premia berezietako bat.

Zaletasuna ez da nahikoa euskara biziberritzeko. Ezagutza+erabilera berrartuz, atalase-ingurunearekin batera, norbere erraztasuna da gakoa, praktika egiten lortzen dena.

Errealitateari itsatsita behar da jarduna, itxaropena ez dadin aurkari biurtu. Erakundearteko apostu eraginkorra aitortzeaz gain, denon ardura da orain artekoaz hausnartu eta etorkizunerako lezioak ikastea. Behin gehiagotan euskaldunon ordua da.