Gogoan dut nire seme-alabak oso txikiak zirenean eta udan hondartzara joateko prestatzen ari ginenean, liburu bat poltsan sartzen nuen momentu hori. Orduan neure buruari esaten nion: Ai, inuzente, benetan uste duzu zerbait irakurri ahal izango duzula? Banekien liburua toallarekin, eguzkitarako kremarekin, bainujantziekin, pure-termoarekin eta ume txikiak dituzunean erabiltzen dituzun poltsa handi horietan eramaten den guztiarekin batera sartu arren, ezin izango nuela lerro bakar bat ere irakurri. Nahikoa nuen (genuen) haiek zaintzearekin galdu, erre, ito ez zitezen. Ez zen erraza irakurtzea, ezta pixka batean toallan etzatea ere, hareazko zuloak eta harresiak egin behar baitziren, ontziak eta palak jaso, bainujantzi bustiak eguzkitakoaren gainean lehortzen jarri… Hondartzara haur txikiekin joateak dakarren guzti hori egitearekin ez zen batere bateragarria irakurtzea, baina, hala eta guztiz ere, beti sartzen nuen une hartan irakurtzen ari nintzen liburua, beti gordetzen nuen itxaropen txiki bat.

Gauza batzuk ezinezkoak direla jakin arren, hala ere, saiatzen jarraitzen dugu. Adibidez, hotel batera iritsi eta komunean aurkitzen dugun plastikozko edalontzian hortzetako eskuila jartzen dugu ondo dakigun arren erori egingo dela, eskuilaren pisua edalontziarena baino handiagoa delako, baina, hala ere, ez bageneki bezala egiten dugu, lehen aldia balitz bezala, eta erortzen denean ere harritu egiten gara. Edo, oporretara irten aurretik, kirol-zapatilak maletan sartzen ditugu, geure burua konbentzitu nahian goizero korrika egitera aterako garela goiz-goizetik.

Gauza asko egiten ditugu jakinda ez dutela funtzionatuko, ez direla gertatuko, eta arrazoia biziraupen-instintuan aurkitu dezakegu. Izan ere, suposatzen dut jarrera horrek egunez egun aurrera egiten laguntzen digula, ilusio bat, zerbait lortzeko itxaropen bat proiektatzeak indarra ematen digulako. Batzuetan inozotasuna gasolina ona da aurrera egiten jarraitzeko. Zerbaitegatik esaten da inuzente-potente…