Zinez maite eta miresten nuen, dut, Jean Haritxelar. Inoiz egin dudan bidaiarik ederrenetako bat harekin egin nuen: AEBetako Wyoming estatuko Buffalo herrixkan izan ginen Erramun Martikorena eta hirurok, euskal jaialdi batean. Sekula ez zait Atlantikoaren zeharkaldi bikoitza hain labur gertatu. Jean jakintsua baino askoz gehiago zen. Hizlari txundigarria, solasturia bezain neurritsua, inoiz gogaitzen edo aspertzen ez gintuena. Pilotari izana zen gaztetan, eta ezagutza gaitza zuen pilota molde zahar eta berriez. Ederki idatzita utzi zuen gaur hain erabilia dugun “ados” hitzaren bilakaera: “Laxoan, errabotean edo pasakan, talde bakotxak egiten zituelarik hiru kintze eta berdinean zirelarik, xaxariak kantatzen zuen “a dos”, erran nahi baita bi kintze egin behar zirela segidan jokoaren bereganatzeko. A dos gaztelerazko esamoldea euskarak hartu du hitz bat eginez, ados, adieraziz berdintasuna lehenik, akort izaitea edo adostasuna gero, baiezkoa azkenik.”

Gaztelaniatik heldu da, beraz, ados. Haritxelarrek ongi adierazi bezala, bi taldeek joko batean kuante berdintzean (berrogeina), trenta-ra jaisten dira. Bi gehiago egin behar horretatik eratorria da a dos/ados hori. Taldeak parean doazenean erabiltzen da, beraz, eta horrek ekarri du beste zeinahi pilota jokotara hedatzea, berdinketaren esanahiarekin: “Ados Jaunak ados, bosna berdin! (.) Horrez gain, bilakaera soziologikoaren lekuko dugu Euskal Telebistako pilota partiden iruzkinetan entzuten duguna: ados, jaun-andreok, ados!”, horrela emakumezko ikusleen presentziari ongi etorria emanez”, zioen Haritxelarrek.

Era berean, ados hitzetik adostu aditza sortu zen –epel/epeldu, azkar/azkartu, apain/apaindu bezala. Adostu, ados izan, ados egon. Eta azkenik, lehen zerbaitekin bat gentozela adierazteko bai edo ederki erabili ohi zen moduan, orain ados erantzuten da gero eta maizago. Jeanek idatzita utzi bezala, “hasierako a dos-etik ados baiztatzailera heldu arte, zoin bidaia ederra!”.