Beti bezain mukuru heldu da maiatza, ekitaldiz, hitzaldiz, jendez. Eta iaz bezain idor. Orain arte gariak uretan behar zuen gutxieneko hori erori da zerutik Iruñerrian. Orain arte. Azken hamar egunean, ordea, deus ere ez, bazterrak berotzen hasi diren honetan. Ardiek oraindik ere badute zer jan Irulegiko herrixka baskoiaren inguruko zelai ederrean, Idoateko lepotik gora, baina ez luzarorako. Euri urriaz gain, eskua agertu denetik hona hara joaten ari den jende olde izugarriak galarazi du hein batean belarraren hazkuntza egokia. Gazteluko kasko hartatik eder ageri dira Zaraitzu eta Erronkariko bortu handiak, ia elurrik gabe, garaia baino lehen gesaldu baita. Hala ere, aunitzez ere elur gehiago izan da aurten Belagua alde hartan Pirinioetako mendi garaiagoetan baino. Gaztelupeko pagadiak ere klima-aldaketara moldatu beharko du, desagertuko ez bada. Irulegi alde hori, beraz, jendez betea, eta mukuru ere aisialdiari lotutako tokiak oro, bai eta plazak ere. Zer erranik ez, bart, hamaika pantaila handiren bitartez jende guztia partidari beha. Ez da eztabaidarik falta izan, pantailetan zer ahots eman, erdal kateko esatariena edo ETBkoen ahotik entzutea. Atarrabian, adibidez, erdi eta erdi egin dute. Egia erran, Osasunak ez dizkie horrelakoak maiz eskaini zaleei, baina bart arratsekoaren parekoa gertatu zen, konparaziora, gorritxoak 1980ko ekain urrun hartan Murtzian lehen mailara igo zireneko hura, Randezek sareetara igorri zuenean Makuarengandik jasotako baloia. 1963tik zeraman bigarren eta hirugarren mailan, ezinean, gora eta behera. Gol hark alimaleko poza eragin zuen Osasuna sekulan lehen mailan ikusia ez zuen belaunaldiarengan. Maiatzak, hortaz, Sevillako partidaren berezitasuna ekarri digu aurten, baina bertze partida berezi bat ere ekarriko digu, eta ez da komeni ahaztea: hil bukaerako bozak, alegia.