Euskal Filologia ikasi nuen nik. Aspaldian. Garai haietan, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketako gaiak menperatzen zituzten jakitate handiko adituak aritzen ziren eskolak ematen, zuten ezagutza-esparruko ikasketa guztiak gure burmuin eskasetara trasladatzen. Eskoletara joaten ginenok euskaldun-berriak eta euskaldun-zaharrak ginen, eta harreman horretatik ere ikasi egiten genuen euskara ama-hizkuntza ez genuenok.

Baina egunerokoan darabilgun hizkuntzan izan genuen murgiltze prozesu sakona eta interesgarriena, bertako irakasleen bultzadaz jaso genuen. Makina bat ikasgai interesgarri izaten genituen egunero, batzuk gaztelaniaz, baina ia gehienak euskaraz.

Filologiak liluratu egiten gintuen, bere testu eta autore zaharrak, bere literatura, lexikoa, eta hizkuntza bera, gure hizkuntza baitzen ikasteko genuen akuilurik zorrotzena eta erakargarriena.

Pentsatu ahal dut, gaur egun, ezagutza arlo horretan jardun nahi duen ikasle batek liluramendu bera izango duela, gustuko duelako ikasi nahi duena eta askatasunez erabaki duelako ikasketa horiek ederrak direla.

Bada, Espainiako Gobernuak, errege-dekretu baten bidez, unibertsitateetan Euskal Filologia ikasketak desagerrarazi nahi ditu, eta duen espezifikotasuna kendu, beste ezagutza-arlo zabalagoetan sarraraziz, eta gauza bera egin nahi du katalanera eta galiziarrera hizkuntzekin.

Hegemonikoak gutxituak jan nahi ditu berriz. Zergatik ezin dugu askatasun osoz nahi dugun hizkuntza ikasi? Zergatik eskumako politikak inolako arrazoi zientifikorik eta akademikorik gabe kendu nahi dio filologiari bere autonomia disolbatu arte? Zergatik eskumako politikak sartu behar du bere mutur zikina toki orotan, kaka nahasteko, eta dena desegonkortzeko? Aurrera egin beharrean, zergatik tematzen dira betikoak atzerapausoak ematen?

Aditu askok adierazi duten bezala, ulertezina eta justifikaziorik gabeko mugimendua da Espainiako Gobernu atzerakoiak egin duena. Beste behin, euskara ikusezin bilakatu nahi dute, eta horrekin batera, gu geu euskaldunok.