Garai batean presa hitzak adierazten zuen zerbait egiteko premia izatea denbora faltagatik. Gaur egun, ordea, presa ez du zertan loturarik izan denbora faltarekin, dagoeneko bizitzeko modu bat bihurtu baita, munduan egoteko modu bat. Konturatzen naiz ni neu ere askotan korrika noala kaletik, nahiz eta inora heltzeko presarik ez izan. Eta ingurukoak ere antzera dabiltza. Ez naiz salbuespena.

Bada ohikoa bilakatu den presa hori gure bizitzako arlo guztietara hedatu da, eta eragin zuzena izan du baita ere bizi ditugun esperientziak gure buruan prozesatzeko dugun moduan. Hala, uste dut egiturazko bihurtu den presa honen ondorio arriskutsuenetako bat iritzi bat izateko dugun presa dela.

Oso deseroso egiten zaigu egunkarian albiste bat irakurri eta berehala iritzirik ez izatea; norbait ezagutzen dugunean ere, berehalaxe izan nahi dugu hari buruzko iritzi bat; norbaitek egindako edozer gauzaren aurrean, egin duena ulertu baino lehen, epaitu nahi izaten dugu. Konklusioetara heltzeko presaka gabiltza beti.

Ahaztu egiten dugu iritzi bat izateko lehenengo ulertu beharra dagoela, eta ulertzeak eskatzen duela informazioa izatea, arreta jartzea, ikastea, beste pertsonaren lekuan jartzea, bertsio desberdinak entzutea... Eta, noski, hori guztia egiteak denbora eskatzeaz gain, egoeraren konplexutasunera hurbiltzen gaitu, eta, ondorioz, guretzat erosoena den zuri edo beltzaren pentsamendu dikotomikotik urruntzen gaitu. Ez dugu ulertu nahi, lehenbailehen juzgatu baizik, lehenbailehen iritzi bat izan, ziurtasunek lasaitasuna ematen digutelako eta zalantzek urduri jartzen gaituztelako.

Erantzun sendoak nahi ditugu, bai ala ez zalantzarik gabe erantzun nahi dugu, eta kitto esan nahi dugu esaldiaren bukaeran, baina ahaztu egiten dugu iritzi sendo bat eraikitzeak aurretik entzute prozesu bat eskatzen duela, bertsio ezberdinak entzuteko jarrera ireki bat. Eta nahiko eskas gabiltza kapitulu horretan.