lerro hauek idazten ari naizen bitartean (igandean), herritar asko bozkatzen ari da. Bertze asko, beste zerbaitetan kateatuta ibiliko da. Harrigarria badirudi ere, jendeak bizitza bat baitauka hauteskundeez eta hautestontzietatik aterako diren emaitzez haratago.

Ostiralean lagun batzuekin atera nintzen. Larunbatean, beste batzuekin. Inork ez zituen hauteskundeak aipatu. Inplizituki, hala ere, bai elkarri ulertzera eman geniola, bozkatzekoak ginela. Beti bezala. Batek txantxa ere egin zuen: sekula ez direla aldatu behar, esaera edulkoratuak dioen bezala, ez lagun onak, ez harakina, ez eta alderdia ere. Irribarre xaloa partekatu eta aurrera.

Barre asko egin genuen. Baina, tarteka, arazoak mahaigaineratzen. Lagun izateak horixe baitakar. Ondo pasatzeko elkartzea baina, baita, laguntza jaso edo lagundu ahal izango duzula jakitea.

Eta sentsazio horrek harrapatu ninduen. Ikustea, politikariek azken egunotan promes egin dituzten laguntza guztiak alde batera utzita, lagunek, lagunok, bestelako laguntza programa bat eraiki dugula. Batek, “obretan nago” dioen kamiseta sortu eta janztea proposatu zuen. Trantsizio bidean gauden guztiok, behar ez diren galderei erantzuten ibili beharrik izan ez dezagun. Eta, hala ere, ulertuak izan gaitezen. Beste batek, asteroko laguntza gela goraipatu zuen. Kuadrillan eratu den gelditzeko egun eta lekua, azken boladan jasandako galerei (eta era askotariko deskalabruei) aurre egin ahal izateko sostengu gunea.

Eta, bai, egitate horrek harrapatu ninduen. Hauteskundeetan, premia zehatz batzuk ditugula esaten digutelako, gureak ere badirela sinestarazten diguten arte, eta kolektiboki erantzun behar diegula konbentzitzen saiatzen. Lagunekin aurrez aurre hitz egiten duzunean, ordea, arazoak eta konponbideak oso pertsonalak direla zara konturatzen. Eta bai arazoak eta bai konponbideak, oso daudela urruti zelofanezko politikagintzatik.

Esanak esan, zutabea bidali eta banoa bozkatzera. Eta, gero, “obretan nago” kamiseta diseinatzera.