Iragana da idatzia dagoena. Iragan oro atergabeko kanposantu sorta besterik ez da. Etorkizuna aldiz idatzi ez dena. Hortxe biltzen dira legea eta profetak. Etorkizuna oraindik ez da ezer. Ez dugu erantzuten. Ezin gara bizi presentea ez den inolako denboran. Presente hau ez dena ez dakigu nola maneiatu, nola prestatu. Alemaniako Karl Rhaner teologoak egokiro dioen eran, egiazko etorkizuna da ezezaguna, eboluzio nahiz plan batean biltzen ez dena. Gorabehera guztien irrika baizik ez da, jakite eta ezjakitearen piloa, proiektu eta itxaropenen mordoa. Gauza eta bide suma-ezinak. Etorkizun irekia? Eskaintza irekia? Arlo. Posibilitate. Ahalmen. Bikote nahasi baten umea da. Dakigunaren eta ez dakigunaren fruitua. Mehatxu. Anbiguotasun. Eginkizuna eta ezinkizuna. Lehen ikuspena. Halabeharra. Patua. Adurra. Azarea. Horregatik edozein gaiari buruz erlatibismoz jokatzeko premia legoke. Ezer garantizaturik aurrez aldetik ez baitago. Ezerk ez du erabateko segurtasunik denboran zehar, etorkizunean, menderen mendetan iraungo duenik. Geroa, biharko eguna, etortzeko dagoen aldia iluna baino ez da. Oro kezka, galdera, buruhauste, igarri ezina. Ez dago idatzia, ez. Berez da-eta idatzi-gabea. Legea eta profetak. Utopiaren krisialdian bizi gara. Etorkizuna da presente konkistatuaren hedadura bat bezala, mundu tradizionalean presentea zenez iraganaren luzapena. Horri deitu dio Alemaniako Boris Groys pentsalari eta idazleak “etorkizunaren kontserbadorismoa”: etorkizuna ulertua dago gizarte tradizionaleko iragana pentsatzen zuten bezala, esan nahi baita, zerbait harmonikoa, erabatekoa eta aldaezina. Etorkizuna itxaropenaren eta espektatibaren artean datza. Itxaron genezakeen berrientzat beti ere uste genuenaz halako haustura baitakar. Horregatik itxaropenak zerikusi exkaxa du baikortasunarekin. Baina itxaropenak bestelako jarrera esan nahi du, honi eskerrak zabalik gaudelako harrigarriren bat, gure desiren gainekoa, gerta daitekeela. Bedi.