Zein ona den une hori, lehenengo aldiz konturatzen zarenean iraganean asko inporta izan zaizun zerbait jada ez zaizula axola. Zein ona pisu hori gainetik kendu berri duzula sentitzen duzun une zehatz hori. Izan daiteke maitasun mingarri bat, adiskidetasun toxiko bat, konplexu paralizatzaile bat, amets prefabrikatu bat. Bat-batean, egun batean, konturatzen zara bizitza baldintzatu eta kaltetu dizun horrek jada ez duela horretarako ahalmenik. Ez dakizu nola gertatu den, baina bat-batean askeagoa zara.

Horrela sentitzen zara, adibidez, askatzen zarenean zu benetan zaren modukoa izaten uzten ez dizun lagun horren eraginetik, gatibu eduki zaituena beste pertsona batzuk etengabe kritikatuz zu ere kritikatuko zaituen beldurrez; edo sentitzen duzunean min eman dizun maitasun horrek, hainbeste gauez negar eginarazi dizunak, bat-batean, ez dizula axola; edo uda batean hondartzara joaten zarenean eta zure gorputzaren gain beti sentitu duzun presiotik libre sentitzen zarenean eta itsasertzean lasai paseatzeko baimena ematen diozunean zure buruari, tripa sartu beharrik gabe.

Une hori askatzailea da eta garaipen gozo bat da. Eta orduan zeure buruari galdetzen diozu nola izan den, nola gertatu den egun batean ezinezkoa irudituko zitzaizun eraldaketa hori. Baina gertatu da. Heldu da eguna zeinetan urrutitik bezala ikusten duzun dena, eta perspektibak aukera ematen dizun garai batean ikusten ez zenituen gauzak ikusteko, esate baterako, adiskidetasun hura ez zela benetakoa, benetako lagunek zaren modukoa maite zaituztelako; edo maitemindu zinen pertsona hura ez duela zuk buruan idealizatu zenuen harekin inolako antzik, ez dela hain berezia, askoz arruntagoa baizik; edo hondartzan tripa sartzearekin zeure gorputza onartzearen gainetik jartzen zenuela besteei atsegin ematea. Benetako garaipen gozoa da sentitzea jada ez zarela besteen gustukoa izateko hondartzan tripa sartzen duen pertsona hori. Aldiz, dagoeneko bihurtu zarela, zaparrada hastean buruan plastikozko poltsa jartzen duena, ez bustitzeko, ardurarik izan gabe besteek zer pentsatuko duten.